Lehenik eta behin, testua irakurri zuen Azkorbek. Kalera ateratzeko hamaika arrazoi daudela aipatu zuen, hala nola, prekarietatea, pobrezia, diskriminazioa, jipoiak, bortxaketak edo prostituzioa. Horren harira, honakoa dio testuak: "Badakigu zer gura dugun: beste mundu bat, hobeagoa; emakumeok eta gizonok batzuen zein besteen onerako izango den harreman eta bizikidetza eredu berria sortu dezakegula elkarrekin konbentzituta gaude. Baina hori horrela izan dadin borrokatu egin behar dugu".
Jarraian, alkateak hartu zuen hitza. "Konplexurik gabe, lotsarik gabe eta beldur barik" antolatutako ekintzetan parte hartzeko deia egin zuen. Horra hor gertatutako egitarau zabala:
- Gaur, Martxoak 4
19:00 Aldamenekoa liburuari buruzko solasaldia, Zaraian.
- Martxoak 6
19:00 Encantadas antzezlana, Zaraian.
- Martxoak 8
18:00 Agerraldia, plazan.
22:00 On eta Kokein taldearen kontzertua, Kurtzebarriko kantxan.
- Martxoak 9
11:00 Bigarren printzesa ipuin kontaketa, udal liburutegian.
- Martxoak 13
19:00 Begirada antzerki taldearen Balitzen Hioa antzezlana, Zaraian.
Horretaz gainera, hilaren 31ra arte, Emakume Komikigileak erakusketa dago Arkupen. Eta zinekluba ere gertatu dute egun horren bueltan: hilaren 7an, De tu ventana a la mia ikusi ahalko da; 14an, ¿Y ahora a donde vamos?; eta 21ean, Mas alla de las colinas. 19:00etan dira emanaldi guztiak.
Adierazpen instituzionala
Bestalde, otsailaren 18an egindako ezohiko bilkuran, Udalak martxoaren 8ari buruzko adierazpen instituzionala onartu zuen. Horretan, 1908an aldarrikatutakoak gaur egun indarrean jarraitzen duela nabarmentzen dute. Horren harira, gaineratzen dute "borroka hori are garrantzitsuagoa da" aplikatzen ari diren murrizketengatik.
Adierazpen instituzionalak honakoa ohartarazten du: "Atzera egiten ari gara, diskurtso atzerakoi batek emakumeok berriz ere adingabe moduan tratatu nahi gaituelako, erabakitzeko gaitasunik gabe eta bizimodu prekario batera kondenatuta". Adierazpenak dio "mundu berria sortzeko bidean" funtsezkoa dela erakundeek berdintasunerako politika publikoak lortzeko baliabideak jartzean.