Lehen zatian, irundarrek gogor ekin zioten lehiari eta 10-15 minutuan area kanpotik oso ondo kontrolatutako gola sartu zieten aretxabaletarrei. "Baina UDAk urduri jarri beharrean, oso ondo jakin du aurrera egiten eta Beñat Etxabek berdintzea lortu du jokaldi bikain baten ondorioz", azaldu digu Igor Arenaza zuzendariak.
Baina berdinduta, atsedenaldira iritsi ziren. Bueltan, UDA nabarmen nagusi izan zen zelaian. Aukera asko sortu zituen eta modu horretan etorri zen bigarren gola ere. "Julen Erañak, Real Unionen atezainak egindako akatsaren ondorioz, gola sartu du. Izan ere, atezainak ez du baloia ondo heldu eta Erañak aprobetxatu egin du hori bigarren gola egiteko", azaldu digu Arenazak.
Hirugarren gola egiteko aukera politak sortu zituzten UDAko mutilek; eta merezi ere merezi zuten beste golen bat sartzea, baina ezin. Hala, Real Unionen bigarren gola, ezustean iritsi zen.Baina berdinketarekin, pena handiz, sailkapenean ez dute aurrera egiteko aukerarik izan aretxabaletarrek. Laugarren postuan jarraitzen dute. "Pena izan da, zeren merezimenduagatik eta jokalarien jarreragatik, irabaztea merezi genuen. Garrantzitsua zen gainera aurrera egiteko eta beste urrats bat emateko goialdean".
"Partiduz partidu begira joan behar gara, argi dugu. Goialdean daudenek ez dute-eta hutsik egiten. Orain datorrenari aurre egin behar diogu", azaldu digu.