Haurren mugak izango ditu hizpide Nerea Mendizabalek astelehen honetan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko martxoaren 1a

Kuku Miku elkarteak urtarrila ezkero gurasoentzako saioak egiten dihardu eta astelehenean, martxoak 4, 'Esaten dizudana bete eta ez haserretu' gaia jorratuko dute, 17:30etik 19:30ak bitartean elkartearen lokalean bertan. Nerea Mendizabal psikopedagogoa arduratuko da saioa eskaintzeaz; bera izan da orain arteko hitzaldien gidaria.

Hilero bat eskaini dute eta oso erantzun ona izan dute herritarren partetik, elkarteko kide Nerea Altunak aditzera eman duenez. Urtarrilean haurtzaroaren oinarriak landu zituzten, eta 20 lagunek hartu zuten parte; otsailean berriz, errespetuzko komunikazioa izan zuten berbagai eta 24 lagun bertaratu ziren. "Asteleheneko kasuan, mugak izango da gai nagusia, zer-nolako muga ipini eta nola jokatu errespetatu ezean".

Mendizabalek eskainiko duen azken saioa, berriz, maiatzean izango da, eta zigorrak eta sariak ardatz izango ditu pare bat ordu iraungo duen berbaldian.

Apirilean berriz, Nerea Mendizabalek atseden hartuko du; baina hilaren 23an, psikomotrizitateari buruzko saioa egingo dute. "Doakoa izango da, eta Arrasateko Herri Eskolatik etorriko dira saioa ematera".

Herritarrei deia

Orain arteko saioen gaiak elkarteko kideen beharren arabera hautatu dituzte. "Baina edozein herritarrek aukera dauka gugana etorri eta gai bat proposatzeko. Ateak irekita dituzue!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak