Inma de Miguel Kultura teknikariak adierazi duenez, Udaleko Kultura eta Berdintasun sailek elkarlanean modu horretan antolatu izan dute martxoa azken bost urteotan.
Emakume komikigileak
Hogeita hamar emakume komikigileren lanak ikusgai egongo dira Arkupen, gaurtik hilaren 31ra. Emakume komikigileak. Istoriotxo, komiki eta tebeoen egileak du izena eta 60ko hamarkada ezkeroko zenbait artistaren obrak ezagutzeko aukera egongo da; Gloeckner, Abel, Doucet eta Satrapi komikigileenak, besteak beste.
"Komikia ez da soilik istorio bat, artea ere bada. Erakusketan dauden autoreek askotariko teknikak erabiltzen dituzte: koloretan, zuri-beltzean, marrazki deskriptiboa eginda...".
Hitzaldia, antzerkia, zinema...
Datorren astelehenean, Tene Muxika beka irabazi zuen Aldamenekoa liburuaren gaineko solasaldia egingo dute Zaraia aretoan, 19:00etan. Eta Ainara Gorostizu nobelaren egilea ere bertan egongo da.
Eguaztenean, martxoak 6, Virginia Imazek Encantadas lana eskainiko du Zaraian, 19:00etan. Gazte eta helduentzako clown ikuskizuna da, eta printze urdina agertu ez zaion emakumearen istorioa kontatzen du.
Zineklubak ere emakumea izango du ardatz. Martxoaren 7an De tu ventana a la mía eskainiko dute; ¿Y ahora adónde vamos? hilaren 14an; eta Más allá de las colinas 21ean.
Martxoaren 8ko aldarria
Martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunarekin lotuta, emakumeen eskubideak aldarrikatzeko agerraldia egingo dute plazan, 18:00etan, Feminismoaren bidetik, emakumeak libre! lelopean. On eta Kokein taldeen kontzertuaz borobilduko dute eguna, Kurtzebarriko kantxan, 22:00etan.