Neallta Fola: "Ilusio handiarekin gabiltza hurrengo diskoan lanean"

Jagoba Domingo 2013ko ots. 27a, 01:00

Neallta Fola gurean punk zaleen talde kutunetariko bat omen da. Estatus horretara heldu ahal izateko, baina, urte batzuk igaro dira zarata egiten hasi zirenetik, lokalean sartutako ordu asko, elkarrekin bizitako momentu asko eta beste hainbeste garagardo. Taldearen soinu propioa aurkitzea ez da izan egun bateko bidaia, baina gaur egun hain zaila den hori lortu dute; abesti baten lehen akordea entzun orduko, Neallta Fola entzuten ari zarela argi izatea, nortasun propioa izatea.

Kontaiguzue taldearen historia.

Guk uste baino luzeagoa da, beti esan dugu taldea 2006an jaio zela, baina oroimenak ez badit huts egiten, 19 urte nituela hasi ginen lehenengoz batera jotzen. Horrek esan nahi du 2002an hautsak astintzen hasi ginela. Hala ere, Neallta Fola-ren lehenengo kontzertua 2006an egin genuen Gernikako Astra gaztetxean. Estreinaldia Doubling Boys eta Porron y Kuentanueba taldeekin izan zen, azken honetan hain zuzen, Kanuk gure taldeko baxu jotzaileak ere jotzen zuen.

Eta ondoren Iraulza etorri zen.

Bai, 2008ko azaroan astebetean grabatu genuen gure lehenengo diskoa Ondarroako Santos estudioan. Iraultzak 2009an ikusi zuen argia, 8 kantu daude bertan eta orduan disko berezia zela sentitzen genuen. Orduan egiten zenarekin ez zuen zerikusi handirik, berria zela uste genuen eta hilabetez autoan bueltaka egon zen. Gerora, normala den bezala, beste pauso bat emateko joera izan dugu. Hala ere, diskoa kaleratu orduko, Bardulia Sounds bilduman Putakumea eta Iraultza kantuak grabatu genituen. Hauek, ordea, beste bertsio bat dira, Iraultza aurretik grabatu genituen Oreretan, bilduman parte hartzeko espresuki grabatuak izan ziren.

Jakina da soinu berezia duzuela, nondik atera da?

Zaila da hori azaltzea, ez da apropos bilaturikoa izan, gure ustez taldearen ezaugarri natural bat izan da. Pertsona askok noiz edo noiz Peter and the Test Tube Babies edo The Templars taldeen antza dugula esan digute, eta gure gustuko taldeak direla ezin dezakegu ukatu. Hala ere, gure helburua ez da izan talde hauek edo beste edozein talderen antzerako musika egitea.

Baina ezin ukatu inguruko taldeekin alderatuz soinu ezberdina lortu duzuela.

Baliteke, esan bezala Iraultza diskoa grabatu genuenean soinu freskoa lortu genuela pentsatzen genuen, baina eboluzioa ez da inondik inora gelditu. Soinuaren sekretua edo osagai garrantzitsu bat, kantuei buelta asko ematen diegula da. Hau da, ez gara konformatzen lortzen dugun lehen erritmo edo emaitzarekin. Askotan kantu bat amaitutzat eman eta hilabetera berau berriz hartu eta beste buelta bat ematen diogu.

Beraz kantua grabatu arte arriskuan dago.

Bai, grabatzeko momentua heldu arte abestiek ziklo ezberdinak pasatzen dituzte. Eta soinu ezberdinarekin jarraituz, kantuak  akorde minorrekin konposatzeak ere zeresana duela uste dugu. Gure eszenako talde askok kantuak akorde maior-ekin egiten dituzte eta horrela kantuak alaiagoak edo itsaskorragoak dira. Gure abestiek, ordea, puntu triste edo ilunagoa dute. Hori dela-eta, askotan musika zaleei kantuak arraro xamarrak iruditzen zaizkie lehenengo entzunaldian; hala ere, abestia entzun ahala puntua hartu eta gustatu egiten zaizkie.

Zein da Neallta Fola-ren egoera gaur egun?

Momentu honetan kontzertu oso gutxi ematen gabiltza, gure asmoa kantu berriak egitea delako.  Datorren hilabeteetan kontzertu pare bat besterik ez ditugu, bat Azpeitian Txarrantxa Rock jaialdian eta besteren bat. Hurrengo diskoa izango denarentzat 8 bat kantu eginda ditugu jada, eta Iraultza diskoarekiko aldaketa nabaria egongo dela uste dugu. Kantu berriak beste ildo batetik doaz; alde batetik, azkarragoak eta zuzenagoak dira, ez dira horrenbeste pasarte instrumental egongo; eta bestetik, ordu asko sartzen ditugu kantu bakoitzean. Erritmo ezberdinei, tokeak denok batera emateari edo soinu trinkoa lortzeari garrantzia handia ematen ari gabiltza. Beraz taldearen egoera stand by dela esan genezake, oraintxe bertan kontzertuetan baino gure gogo eta ilusioa kantu onak egitean dago.

Orduan disko berria grabatzeko asmoa duzue.

Bai gure asmoa aurten grabatzea da. Posible baldin bada, uda aurretik Nekrosounds estudiora joko dugu bigarren diskoa izango dena grabatzera. Hala ere, oraindik ez dugu datarik zehaztu, momentua heltzen denean sartuko gara estudioan. Oraingoan, 12 edo 14 kantu grabatzea nahiko genuke.

Orain dela gutxi ere beste bilduma batean parte hartu duzue.

Madrilgo Riot Kids skinzineko bilduman Problems kantua sartu dugu. Fanzinearen 10. urteurrena ospatzeko arduradunek binilo formatuan disko bat kaleratu nahi zuten eta fanzinean elkarrizketa bat egin zigutenez bertan parte hartzea interesatzen zitzaigun galdetu eta animatu egin ginen.

Hortaz, taldea kontzertuetan buru-belarri ez egon arren martxan jarraitzen du.

Bai, jakina, orain beste lan batzuetan murgilduta gaude eta entsegu lokalean ordu dezente ematen ditugu. Egia esan, nahiko sasoi onean gaude momentuan eta hori jotzen ditugun kontzertu gutxietan igarri egiten da. Gainera, urte hauetan guztietan, instrumentuekin zein oholtza gainean askoz ere erosoago sentitzen gara eta gauzak argiago ditugula esan daiteke.

Orduan, itxaronaldiak bere fruituak emango ditu?

Hala izatea espero dugu, gu gutxienez ilusio handiarekin lanean gabiltza eta hurrengo diskorako barruan dugun onena ateratzen saiatuko gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak