Euskalki eta memoriari buruzko 'Nire Argazkia' bihar, Aretxabaletako Arkupen

Mirian Biteri 2013ko otsailaren 22a

Aretxabaletako Loramendi Euskara Elkarteko Sustapena taldeak 'Nire argazkia' izeneko dokumentalaren gaineko emanaldia antolatu du biharko, zapatua, Arkupen. Ikus-entzunezkoaren egile Benjamin Duinat eta Jokin Etxeberria lapurtarrek dokumentala aurkeztuko dute kultura etxeko Zaraia aretoan, eta jarraian, ikuslegoaren galderei erantzuteko gertu egongo dira. 18:30ean hasiko da emanaldia.

Euskalkiei eta memoriari buruzko lana da Nire argazkia. 52 minutuko iraupena duen proiektu horretan Azpeitia, Lekeitio eta Donapauleko familia banako hainbat senitarteko elkarrizketatu dituzte. Bakoitzak etxean duen argazkia hartu du, eta horrek sortzen dizkien oroitzapenen inguruan mintzo dira familiako kideak; hainbat istorio askotariko euskalkietan jasotzen dira. Egileen esanetan, «mintzaira eta gizarte memoriaren parte bat artxibatzea» dute helburu horrela.

Elkarrizketez gain, ikus-entzunezko berean parte hartzen duen Euskal Herriko Unibertsitateko Iñaki Gaminde hizkuntzalariak gaur egungo euskararen egoeraren inguruko argibideak eman ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak