Hiru mozioak aho batez onartu zituzten Aretxabaletako ez ohiko osoko bilkuran

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko otsailaren 19a

Parot doktrina bertan behera uzteko eskatu zion Aretxabaletako Udalak Espainiako Auzitegi Konstituzionalari, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetako giza eskubideen aurkako erasoen salaketa ere egin zuten eta martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna ere gogora ekarri zuten atzo arratsaldean egindako ez ohiko osoko bilkuran.

Atzo arratsaldean ez ohiko osoko bilkura egin zuten Aretxabaletan. Bertan hiru mozio onartu zituzten; hirurak aho batez zinegotzi guztien aldeko botoekin.

197/2006 doktrina

Hasteko, 197/2006 doktrina edo, ezagunagoa den moduan esanda Parot Doktrina, bertan behera uzteko eskaera egin zion Aretxabaletako Udalak Espainiako Auzitegi Konstituzionalari. Bilduk aurkeztu zuen mozioa eta bertan zioen dagoeneko 83 euskal preso politikori ezarri zaiela doktrina eta gaur egun 67 direla doktrina hori aplikatuta kartzelan dauden presoak. Mozioaren bitartez eta nazioarteko giza eskubideen legeria aplikatuz, 197/2006 doktrina aplikatu zaien euskal preso guztiak berehalakoan aske uzteko eskatu zuten.

Mendebaldeko Saharako eskubideak

Aralarrek aurkeztu zuen bigarren mozioa; Mendebaldeko Saharari buruzkoa. Mozio horrekin Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan etengabe gertatzen diren giza eskubideen aurkako erasoen salaketa eta gaitzespen bortitzena adierazi zuten. Preso politiko saharar guztiak aske gera daitezen ere eskatu zuten besteak beste mozioan. Eta adierazi zuten azken urteetan egin izan duten bezala, aurten ere, hilaren 27an bandera jarriko dutela udaletxeko balkoian.

Emakumeen Nazioarteko Eguna

Azkenik, martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko mozioa onartu zuten aho batez. Aretxabaletako Udalak gogora ekarri nahi izan zuen emakume feministek 1908an aldarrikatutako errebindikazioak indarrean jarraitzen duela eta lanean jarraitu behar dutela sistema kapitalista eta patriarkala errotik aldatzeko.

Azken mozio hori ere aho batez onartu zuten. Hala ere, Inaxio Garro Aralarreko zinegotziak esan zuen bera “zur eta lur” geratu zela Ana Bolinaga alkateak esan zuenean mozio hori Aralar-Bilduren adierazpen instituzionala zela. Garrok azaldu zuen mozioko testua ez zutela adostu euren artean, filosofiaz bat etorri arren. Alkateak erantzun zion, EH Bilduren adierazpen instituzionala zela, eta ondorioz, uste zutela Aralarrekoak ere mozioaren jakinaren gainean egongo zirela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak