Aretxabaletako Auzoko lagun taldekoak pozik doaz egubakoitzeko batzarretara

Mirian Biteri 2013ko otsailaren 18a

Aretxabaletako Auzoko lagun taldea batzen hasi da. Otsailaren 1ean egin zuten lehenengo saioa, eta ordutik hona beste bi izan dituzte. Egubakoitzetan elkartzen dira, 15:00etan, udaletxe zaharrean. Euskaldunak zein herrian bizi diren beste herrialdeetako lagunek parte hartu dute orain arte egindakoetan, hala nola, Pakistan, Sahara, Mexiko, Peru edo Galiziatik iritsitakoak. Gustura doaz guztiak batzarretara.

Auzoko Topagunearen proiektua da, eta Aretxabaletan, Udalak eta Loramendik lantzen dute elkarlanean. Loramendiko Larraitz Arando da talde horren dinamizatzailea. Azaldu digu jolasak tarteko "elkar ezagutzen" hasi  direla batzar horietara joaten direnak. Horren harira, honakoa esan digu: "Horretarako saiatzen gara euskara erabiltzen. Baina, askotan ezinezkoa da. Hainbat parte-hartzailek ez dakite euskara ezta gaztelania ere, eta, kasu horietan gertatutako materiala erabiltzen dugu. Hain justu ere, keinu eta irudien bidez komunikatzen gara".
Euskarari ez ezik, batzarretara joaten diren kanpoko lagunen hizkuntzei ere garrantzia ematen diete, eta partaide guztiak saiatzen dira oinarrizko hainbat kontu ikasten.

Liburutegira bisita

Dinamizatzaileak aipatu du lehenengo saioak udaletxe zaharrean egingo dituztela, baina, herrira irteteko asmoa ere badutela. Esaterako, dagoeneko liburuzainarekin egin du berba, eta adostu dute egubakoitz batean bera joango dela batzarrera, eta beste batean, liburutegia bisitatuko dutela Auzoko lagun taldekoek. Horretaz gainera, kirol etxera joatea ere aurreikusi dute. Helburua da herritarraz gain, Aretxabaleta ere ezagutzea.

Datorren astean, berriz, munduko janariez egingo dute berba. Sahararrak tea prestatzekotan geratu dira; Euskal Herriko ohiturak ezagutze aldera beste batean elkarte batera joango dira.

Batzar irekia

Arandok batzarretan parte hartzeko deia egin du. Horren harira, nabarmendu du euskaratik "gertu edo urrun bizi" direnendako irekiak direla. Honakoa dio: "Jatorri ezberdinetako hiztunen artean harremanak sortzea du helburu. Gainera, batzarrak astero badira ere, parte-hartzaileek ez dute guztietara joan behar".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak