Basotxoren atzeko partean, Deba erreka alboan, dagoen iturria sasoi baten egondako Otalora bainuetxeari dagokio. Aurretik zegoen iturria kendu egin dute –iturri horrek ez zeukan uretsik–, eta haren ordez hankak garbitzeko lekua berreskuratu. "Uretsa oso sakonean dago eta zuzenean ibaira doa. Hasiera batean, gora igo eta urets iturria jartzea zen asmoa, baina ezin izan da", jakinarazi dute Hirigintzako kideek. Hankak garbitzeko horren alboan jarlekua jarriko dute; porlanezko egitura egin diote, eta orain, egurrarekin estaltzea falta da.
Urkuluko bidegorriaren hasieran dagoen iturria, ostera, Ibarra bainuetxe izandakoari dagokio. Horrek badu urets edo ur sufretsua, eta oraindik ere hainbat herritarrek jasotzen dute ura handik. Bertako lurrei eusteko egitura egokitu egin dute, eta orain, harriz estaltzea geratzen da.
Gobadalekua garbituta
Bestalde, Bainuetxe poligonotik Arkarazo auzo aldera bidean Gobadalekua dago (urez betetako zuloa). Orain dela urte batzuk sasiak kendu eta ingurua txukundu zen, eta orain, barrualdea garbitu eta saneatu egin dute. "Kanpoaldeko sarrera egokitu, garbitu eta harlanduzko egitura egonkortu egin behar da: behar den tokietan harria jarri eta egitura sendotu egin da", adierazi dute Hirigintzako kideek.