Aretxabaletako umeek kolorez beteko dituzte herriko bazterrak

Mirian Biteri 2013ko otsailaren 12a

Aretxabaletan ere umeendako jai eguna da Aratuste-martitzena; hain justu, 2 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoendako. Goizean, urteroko jaialdia egingo dute Arizmendiko Basabeazpi eta Almen, Kurtzebarri eta Pausokako haurrek. Arratsaldean, berriz, Txinen hilketa egingo dute; ohiturari jarraituz, Santa Ageda neska-mutilek zerraldoa eroango dute Mitartetik plazaraino.

Eguraldiak laguntzen badu, 10:30ean, plazan elkartuko dira Arizmendiko Basabeazpi eta Almen, Kurtzebarri eta Pausokako haurrek; 500 ume inguru. Besteak beste, bi urteko haurtxoek Mugi-mugi ipurdi dantza egingo dute, eta bost urtekoek, txino dantza. Jarraian, Ustekabe txarangarekin kalejira egingo dute Ilargi plazaraino; txoripana izango dute han jateko gertu.

Eguraldi aurreikuspenek diote euria egingo duela, eta badaezpada, ordezko plana ere gertatu dute ikastetxekoek. Kasu horretan, Pausokakoak izan ezik, gainerako beste neska-mutiko guztiak Iturrigorri pilotalekuan elkartuko dira; ekintza guztiak han egingo dituzte. 

Ekintzak ez dira hor amaituko. Arratsaldean, 16:00etan, Ustekabe txarangak dantzaldia eskainiko du ostera, plazan; eta 17:30etan, kalejira egingo dute buruhandiekin batera. 20:00etan, ostera, Txinen hilketa izango da. Ohiturari jarraituz, Santa Ageda neska-mutilek zerraldoa eramango dute Mitarte kaletik Herriko plazaraino. Hara joaten diren aretxabaletarrei lutoz jantzita joatea eta kandela eroatea gomendatzen zaie.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak