Berriz ere, irudimena garaile

Leire Kortabarria 2013ko otsailaren 10a

Parrandarako, ondo pasatzeko eta mozorrotzeko gogoak eta dohainak erakutsi dituzte debagoiendarrek, beste behin, Aratusteetan. Aretxabaleta da gure Tolosa eta domekan kaleak hartu dituzte karrozek eta mozorroek han. Osterantzean, zapatua izan da egun handia herri gehienetan. Irudi politak utzi dizkigu orain arte Aratusteak eta horiek batu ditugu. Martitzena heldu bitartean asteburuko ARGAZKI koloretsuak hemen, herririk herri:

ARETXABALETA ⁄ ARRASATE / ARRASATE MUSIKALEN KONTZERTUA / ARRASATEKO HERRI ESKOLAKO UMEAKBERGARA / BERGARAKO BANDAREN KONTZERTUA / OÑATIKO INAUTERIAK / ESKORIATZA / URDELARDERO ESKORIATZAN / ANTZUOLA ELGETA / LEINTZ GATZAGA

Mozorro eta karrozen kolore festak alaitasuna ekarri du beste behin bailarako herrietara. Aurten ere originaltasun handiko mozorroak ikusi ditugu han eta hemen, koadrilek aurretik lan handia egin duten seinale.

Disneyland eta Euskovegas

Aretxabaletan karroza ikusgarrienek zoramena eraman zuten herrira. Pariseko Disneylandeko karroza Aretxabaletan azaldu zen; Mickey, Minnie, Goofy... Disneyko lagun ugari izan ziren karroza handi batean eta etxeko txikienen ikusmina sortu zuen eurendako hain ezagunak diren aurpegiak herrian bertan ikusi ahal izateak. 

UDA futbol taldekoek hegazkin konpainia bat sortu zuten: UDAirlines. Izan ere, bertako jokalariek kontatu ziguten aurten lehenengo mailara igoko direla, eta bidaia ugari egin beharko dituztenez, hegazkin konpainia bat sortu dutela bidaiak prezioz hobeto irteteko.

Euskovegas laster Urkulu inguruan eraiki behar dutela ere esklusiban kontatu zigun beste koadrila batek. Eta nola ez, azkenaldian hain ezagun egin den telefono kabinaz mozorrotu zenik ere izan zen. 

Benetako txerritxo bat ere desfilean atera zuten Espainiako erregearen anaia zela esanez, baina txerritxo horrek ez zuela kabina gainean amaituko esan ziguten. Txerria zertxobait ikaratuta ikusi genuen, edozelan ere.

Mozorro deigarriak

Arrasaten ere desfile dotorea egin zuten eta deigarria izan zen Dragon Khan-ez mozorrotu zen bikotea; Bergaran ere izan ziren hala mozorrotutakoak. Pinguinoak eta egiptoarrak ere ikusi ahal izan genituen Arrasaten Gangnam Style doinuak dantzatzen. Doinu horiek herri guztietan entzun ahal izan dira Aratuste hauetan. Eskoriatzako desfilean euria gogotik egin zuen, baina herritarrek ez zuten umorea galdu eta alaitasunez jarraitu zuten festa. Bailarako herri gehienenetan errepikatu dira, bestalde, ijito, sevillana, hippy, pailazo edo bikingo mozorroak. Eta aurten herri askotan errepikatu den beste mozorro bat izan da hegazkinlariena.

Oñatiko Inauteri propioak

Oñatin zapatuan estreinatu zituzten Inauteri propioak. 200 lagun inguru irten ziren eta sekulako arrakasta lortu zuen berritasun horrek. Lau dantza eta jantziak estreinatu zituzten. Hala, urtebeteko lanak bere fruitua eman zuen azkenean.

Mozorro onenak saritu dituzte 

  • Aretxabaleta

16 urtetik beherakoetan, saridunak, hurrenez hurren: Herri kirolak, Euskal txiringitoa, Kebab, Eskimalak eta Noeren arka. Nagusietan originalenak izan ziren Txipiroiak, girotze saria Euskovegas-ek jaso zuen, muntaia onena Hegazkina, talde txikiaren saria Leonardo da Vinci-k jaso zuen eta adin nahastean onenak Bikingoak izan ziren.

  • Arrasate

Karroza onenaren saria Faunoren labirintua karrozak jaso zuen eta koadrila onenaren saria, berriz, Nasako astronautek lortu zuten. Gizon-emakume originalena Dragon Khan mozorroa zeraman bikoteak lortu zuen, eta neska-mutiko onenaren saria, ostera, Joseba Santakristinarendako izan zen; alargun bezala mozorrotu zen, sardinaren hiletarako.

Tabernen lehiaketan Iluntz tabernak irabazi zuen saria, Cabarcenas mozorroarekin. Zoologikoko animaliez gain, politikoen ustelkeria salatu zuten.

  • Eskoriatza

16 urtetik gorakoen artean honakoak izan ziren sarituak: lehenengo saria jaso zuten Eskoriatxis eta Eskoriatzako izarrak taldeek, bigarrena Egiptoarrek eta Echevarria ijitoen familiak, eta hirugarren saria Addams familiak eta Harriketarrek eskuratu zuten. 16 urtetik beherakoetan hauek izan ziren hiru sarituak: Sagardotegia, Eskoriatzako boxealariak eta Poliziak eta presoak

  • Aramaio

Mozorro originalaren saria irabazi zuten Igeriketa txapelketa eta Berde magikoa taldeek. 14 urtetik beherakoen lehenengo saria irabazi zuen Grease taldeak eta bigarrena Rap taldeak. 14 urtetik gorakoen lehenengo saria Ozu Mi Arma taldekoek eskuratu zuten eta bigarrena Bikingoek.

Aratusteei eskainitako saio berezia egubakoitzean, 20:35ean

GOIENAko kazetari eta kameralariak kalean ibili gara han eta hemen gertatutakoak jasotzen: egubakoitz arratsaldean Elgetan jasotakoa; zapatu goizean Oñatiko eta Arrasateko Aratusteetan batutakoa; zapatu arratsaldean Eskoriatzan eta Bergaran izandako mozorroak; eta domekako Aretxabaletako giroa, eta Antzuolakoa. Barikuan saio berezia izango da 20:35ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak