Elkarbizitzarako ildo nagusiak ezartzen Aretxabaletan

Mirari Altube Arrese 2013ko otsailaren 8a

Aretxabaletako herritarren elkarbizitza egokia sustatzeko planaren oinarriak eta ildo nagusiak adosten ibili da Udala herritarrekin eta herriko eragileekin. Talde-dinamika bidez landu du gaia, eta prozesu eta dinamika guztia bideratzeko Emunen laguntza izan dute. Hiru saio egin dituzte eta eguaztenean bukatu zuten hausnarketaren ondorioak zehaztuta.

Elkarbizitza from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

"Herriko elkarbizitzan eragin nahi da, herriko eta herritarren aniztasuna aukera eta aberastasun gisa ulertuta", diote prozesua bideratu duten Emuneko ordezkariek, eta gaineratu: "Munduko hainbat herrialdetatik datozen pertsonak gero eta gehiago dira gurean ere, eta jatorri aniztasun horrek eragina du gure gizarte egituran. Hori jakinik, fenomeno hori behar bezala kudeatzea erronka bihurtu da Aretxabaletako Udalarentzat".

Kultura eta jatorri ezberdinen arteko elkarbizitzarako urratsak emateko bidea herritarrekin eta eragileekin elkarlanean egin gura du Udalak, euren ikuspegia ezagutu eta aurrera begirakoak adostasunean finkatzeko. Prozesu horretan, arlo desberdinetako eragileek jardun dute lanean; tartean daude: jatorri ezberdinetako aretxabaletarrak; ordezkari politikoak; eta erakunde eta elkarte ezberdinetako ordezkariak: guraso elkartekoak, Hiruatx GKE, euskaltegia, Loramendi, Basotxo, Huhezi… Horiek guztiek izan dute ekarpenak egiteko aukera.

Ekarpenak eta ondorioak 

Lehenengo bi saioetan aniztasunaren gaia kokatu eta elkarbizitzarako akordioak landu zituzten. Hausnarketa horren ondoren, eguaztenean, elkarbizitza planerako ildo nagusiak adostu zituzten. "Saio horietan guztietan jasotako ekarpen eta ondorioekin ildo nagusiak izango ditu Udalak eskuartean, eta horren araberako urratsak emateko asmoa agertu du", diote Emuneko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak