Urkulu gainezka, baina arrisku barik

Ubane Madera 2013ko otsailaren 7a

Orain dela hiru aste baino isilago akaso, baina oraingo astean ere ur dezente botatzen dihardu euri eta txingor eran. Horren erakusle da Urkuluk gainezka egin duela azken egunotan. Datu esanguratsu bat: gaur, eguena, bere kapazitatea gainditu eta %100,51n dago. Hala ere, egoera ez dela kezkatzekoa azpimarratu dute Gipuzkoako Ur Partzuergotik.

Urkulun ez da ur gehiago kabitzen: %100,51n dago edukierari dagokionez, eta dagoeneko soberakina botatzen dihardu. Halaxe dabil azken egunotan, eta halaxe segiko du datozen egunotan ere. Baina egoera ez da alarmantea. Hala adierazi du Imanol Zabaletak Gipuzkoako Ur Partzuergotik.

Datuak ere eman ditu hori babesteko; batetik, gogorarazi du Urkuluk baduela ur soberakina askatzeko berezko sistema bat ura poliki-poliki botatzen duena, arrapala baten bitartez. Eta bestetik, Zabaletak jakinarazi du une honetan gainezka egiten dabilen kopurua dela 7 zentimetroko lamina baten bestekoa, eta hori ez dela alarmantea berez. Zentzu horretan, gaineratu du ez duela Urkuluk elikatzen duen Deba ibaiaren arroan arriskurik eragingo.

Iazko maiatzean ere bai

Are gehiago, Gipuzkoako Ur Partzuergoko ordezkariak adierazi du sarri gertatzen ez den arren, ez dela horren arraroa Urkuluk gainezka egitea. Adibide bat jartzearren, kontatu du iazko maiatzean maila honetantxe egon ginela, eta gorago egoteraino ere iritsi zela.

Edozelan ere, azpimarratu du Gipuzkoako Ur Kontsorzioa badabilela presaren funtzionamendua eta segurtasuna ikuskatzen. Eta gainera, metereologiaren ikuspuntutik egoerak nabarmen okerrera egiteko aurreikuspena balego, alarmak sistemak aktibatu eta jakinaren gainean egoteko eta neurriak hartzeko koordinazio sistema badutela erakundeen artean.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak