Aretxarte oso kezkatuta dago domekan izandako apurketekin

Mirari Altube Arrese 2013ko otsailaren 6a

Aretxarte merkatarien elkarteko kideak oso kezkatuta daude joan den aste bukaeran izandako apurketekin. Domeka goizean Mitarte kalean dauden bi komertziotako erakusleihoak apurtuta azaldu ziren; Asensio jantzi-dendakoa guztiz apurtuta eta Boliñete fruta-dendakoa zartadura handiekin. Horiek salatu gura izan dituzte.

Zera diote: "Penagarria da benetan herriko jairen bat dagoenean halakoak gertatzea, kaltetuak denok garelako. Gure kide bati izan da oraingoan, baina hurrengoan beste edozein tokitan izan daiteke (autobus geltokia…) eta halakoetan herritar guztion artean ordaintzen dugu kaltea".

Eta ironia handiz zera gaineratu dute: "Domeka goizean kalera irten eta Durana kaleko kabinari begiratu beharrean, tamalez Mitarte kaleko erakusleihoei begiratu beharra izan genuen. Umorez kabinan agertutakoari buruz hitz egin beharrean, gogo txarrez erakusleihoekin pasatutakoa zen ahoz aho zebilena".

"Tamalgarria eta kezkagarria da herriko jendeak herriko komertzioei kalteak eragitea. Ez al dago beste modurik ongi pasatzeko? Berreskura dezala kabinak protagonismo umoretsu hori! Horrek ez baitio inori kalterik egiten!" Eta jaiak "errespetuz" bizitzeko eskatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak