Txapela buruan jantzita eman zioten ongi etorria Txapel Txin berriari

Ander Monedero 2013ko otsailaren 3a

Nahiz eta eguraldiak ez lagundu, herritarrek txapela jantzi eta plazara irten ziren Txapel Txin berria ikustera.

Bazegoen Aretxabaletan Txapel Txin berriaren irudia ezagutzeko gogoa eta, nahiz eta etxean geratzeko moduko eguraldia egin, herritar askok txapela jantzi eta kalera irten ziren Aratusteak datozela ospatzeko.

Aurten, lehenengo aldiz, Txapel Txin eguna goizetik hasi ziren, izan ere, Txapel Txin berriak, koadrilekin batera, eguerdiko txikiteoan ere izan baitzen. Txikiteoaren ostean, Txapel Txinek siesta egiten zuen bitartean, giroa berotzeko, Begira antzerki taldeak Txirla beltzaren piratak kale ikuskizuna eskaini zuen. Bertan, piratek herriko umeekin batera Jon Txipiron-en altxorraren bila joan ziren.
Kale antzerkiaren ostean, euriak etena egin zuen eta Kurtzebarri herri eskolako balkoian agertu zen Txapel Txin. Artaxoako klinikatik pasa ostean, itxura berria du Txapel Txinek. Bertan, Belen Estabanekin batera ebakuntza egin ziotela esan zuen eta bera baino hobeto geratu dela ziurtatu zuen. Aratuseei ongi etorria eman ostean, herriko plaza jaitsi zen herritarrekin batera argazkiak egitera eta, baita afaldu aurretik txistorra mokadutxoa eta sagardoa dastatzera.

Atxurdin, torraden maisu

Laugarren urtea da Txapel Txin egunean torrada lehiaketa egiten dela eta, laugarren aldiz, Iker Altuna Atxurdinek irabazi du txapelketa. Atxurdinek esan zigun, Messik jarraian laugarren urrezko bota irabaztea bezain garrantzitsua dela laugarren aldiz torrada txapelketa irabaztea. Atxurdineak, beste parte hartzaileek bezala, epai mahaiako kideentzat etxean egindako zortzi torrada eraman zituen eta onenak izateagatik 100 euroko diru saria jaso zuen. Lehiaketako bigarren sailkatua Basabek 50 euro lortu zituen eta hirugarrenak Aitor Garcia-Etxabek 30 euroko diru saria jaso zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak