8,6 milioiko aurrekontua onartu du Aretxabaletako Udalak, iazkoa baino ia %7 gutxiago

Mirari Altube Arrese 2013ko urtarrilaren 30a

Onartu du udalbatzak 2013ko Udalaren aurrekontua: 8.449.918 euro; iazkoarekin alderatuta ia %7 gutxiago. Aurrekontu osoa (Urats Gain zaharren egoitza kontuan hartuta), ostera, 8.642.996 eurokoa da.

Bilduko zazpi kideen aldeko botoekin onartu zuten. Aralar abstenitu egin zen eta EAJko bi zinegotziek aurka bozkatu zuten. PSE-EEko zinegotzia ez zen izan.

Errealitate ekonomikoa kontuan hartuta egindako aurrekontua dela iragarri zuen Ana Bolinaga alkateak, "Udalaren zorpetze maila ez handitzeko" helburuarekin. Ildo politikoak zipriztindutako aurrekontua dela ere esan zuen: "burujabetza batetik, eta eraldaketa politikoa eta soziala bestetik lortzeko helburuarekin".

Udal aurrekontua (eurotan)

  • Zor publikoa: 1.389.312   
  • Adiministrazio orokorra: 1.086.565   
  • Gobernu organoak:331.916   
  • Familia eta elkarbizitza: 446.186   
  • Informazio eta balorazio prog: 235.320   
  • Ur hornikuntza eta banaketa: 397.263   
  • Hondakinen kudeaketa: 576.664   
  • Kale garbiketa: 382.854   
  • Parkeak eta lorategiak: 144.608   
  • Kirolak, aisialdia: 118.805   
  • Kultur etxea: 256.404  
  • Ingurumena: 122.842   
  • Enplegu sustapena: 111.091   
  • Hezkuntza: 268.374   
  • Euskara: 158.392   
  • Jaiak: 171.525   
  • Gazteria: 154.485   

Inbertsiorik aipagarrienak (eurotan):

  • Oro auzoko bidea: 151.000
  • Murubideko pilotalekua eta inguruak: 130.441
  • Belorrietako espaloa: 60.000
  • Kiroldegiko konponketak: 90.000

Berdintasuna sustatu

Euskara Sailari dagokionez transmisioa sustatu gura dute, batez ere gazteei begira, izan ere, azken inkesten arabera oso gazte gutxik egiten du euskaraz. Era berean, kultur ekitaldietan eta zineman euskararen presentzia handiagoa izatea da asmoa; hala, botako diren lau filmetik bat euskaraz izango da.

Kultura arloaren kasuan erronka garrantzitsuena Arkuperen kudeaketa da Bildurendako. Horrez gain, hiru helburu nagusi zehaztu dituzte: euskararen eta emakumearen presentzia bermatzea jaietan; kultura plazara eramatea; eta kultura batzordearen egonkortasuna lortzea.

Enplegua da Udal ordezkarien kezketako bat eta 111.091 euro bideratuko dituzte horretara. Mankomunitatea gertatzen dabilen enplegu planaz gain, Udala bere aldetik ere badabilela berea egiten iragarri dute.

Etxebizitza alorrean, etxe kaleratzeen gaineko protokoloa daukate onartuta, eta bertako proposamenak abian jartzeko asmoa daukate; horretarako dirutxo bat gordetzea proposatu dio Kaleratzeak Stop taldeak. Gainera, alokairua bultzatu gura dute, hutsik dauden etxeei ondasun higiezinen gaineko tasa berria aplikatuta. Arlo honetarako 14.323 euro jarri dituzte.

Berdintasunaren alde lan egiteko asmoa ere badute, eta Udalak hartutako erabakietan berdintasun ikuspuntua jasotzea izango da erronka nagusietako bat. Hala, emakumearen presentzia bermatu eta sustatu gura da, kirolean, esaterako –Emakumeen Bira txirrindulari lasterketa etorriko da–. Bailarako emakume taldeen arteko elkarlana ere sustatuko dute. Gainera, "Aretxabaletak ez du indarkeria matxistarik onartzen" esaldia jarriko dute herriaren sarreran eta irteeran. Eta berdintasunaren inguruko jarduerak antolatzeko 20.000 euro bideratu dituzte.

Migrazio politika sustatzeko asmoa ere agertu dute. Hala, harrera plana egitea izango da helburuetako bat. Bestealde, hirugarren munduko herrialdeetara bideratzeko 30.000 euro aurreikusi dituzte.

Gazteen inplikazio bila

Ingurumenari dagokionez, "ingurumen osasungarri baten aldeko politika" bultzatuko dute: Zero zabor programa, ingurumenarekiko sentsibilizazioa… Horren barruan dauden ekintzetako batzuk dira: Zuhaitz Eguna, Aste Berdea, Tupper kanpaina eta Deba ibaia garbi.
Kirolean, ostera, hausnarketa burutu gura da eskola kirolaren esparruan, zerbitzua biziberritze aldera. Eta emakumeen kirol praktika sustatu.

Gazteriaren kasuan babeserako eta prebentziorako gizarte politikaz gain, gazteen inplikazioa bilatu gura dute, "autonomoak, askeak eta gizartean inplikatuak" izan daitezen. Ia %5eko igoera izan du partida horrek, zerbitzuek igoera izan dutelako eta 154.485 euro bideratu dituzte.

Gizarte Zerbitzuetan herritarren bizi kalitatea hobetu gura da, arrisku egoeretara eta marjinaziora bultzatzen duten arazoei aurrea hartuz. Hala, Prebentzio eta gizarteratze programarako 69.420 euro daude.

Eta hezkuntzaren kasuan batzorde eraginkor bat martxan jarri, euskal curriculuma bultzatu eta unibertsitatearekin eta Lanbide Eskolarekin elkarlanak sustatzea dituzte helburu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak