Bere edukiaren %95,15 beteta izatera iritsi da Urkuluko urtegia

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urtarrilaren 25a

Urkuluko urtegiko urak ia Dabagoiena osoa hornitzen du. Azken aldiko eurien ondorioz, bere edukiaren %95,15 beteta egotera igaro da. Eguraldiak hala jarraituz gero, uhateak ireki beharko lituzkete.

Nahiz eta neguko lehenengo egunetan ia euririk ez duen egin, azken aldiko prezipitazioen ondorioz, Urkuluko ur-maila igo egin da. Hala, bere edukiaren %95,15ean egotera iritsi da.

Hori horrela eta Gipuzkoako Ur Kontsortziotik jakitera eman dutenez, euri gehiago eginez gero, konportak irekitzera behartuta egongo lirateke. Gipuzkoako urtegien artean Azpeitiko Ibai-Ederren ostean, Urkulu da gaitasun gehien duen urtegia; guztira, 10 milioi metro kubikoko gaitasuna dauka urtegiak.

Azken 10 urteetan Urkuluk eduki duen ur-kotari erreparatuz gero, datuen arabera, ohikoa baino ur gehiago dauka gaur egun urtegiak.

Urak ateratzeko bi sistema

Gipuzkoako Ur Kontsortzioko Imanol Zabaletak Goienari adierazi dionez, urak ateratzeko bi sistema daude gaur egun Urkulun. "Ura 333 metrotara iristen denean, automatikoki egiten du gainez, modu kontrolatu batetan". Hori horrela, poliki-poliki urak ateratzen joaten dira.

Bigarren sistemari dagokionez,  Zabaletak azaldu digu zertan datzan: "Urtegia gehiago hustu behar izanez gero, isurbideko balbula edo konportak irekiko genituzke".  Dena den, Gipuzkoako Ur Kontsortziotik momentuz ez dute aurreikusten halakorik egingo dutenik, eta aurreneko sistemarekin jarraituko dutela gaineratu dute.

Hurrengo egunotako eguraldiak aginduko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak