Aretxabaleta bolo-bolo hedabideetan

Arritxu Barruso 2013ko urt. 25a, 01:00

Debagoieneko eta Euskal Herriko mugak gainditu eta Espainiako hedabideetara egin du salto Arechavaleta-k. Bai, ch eta v-rekin irakurri ahal izan dugu gure ibarreko herriaren izena Intereconomiaren La Gaceta egunkarian. Arraroa den arren, gainera, ez dira politika kontuak izan Aretxabaleta Espainiako hedabide ultrakontserbadorera eraman dutenak, telefono-kabina misteriotsua baizik.

Izan ere, azkenaldian gauza misteriotsuak eta harrigarriak ari dira gertatzen Aretxabaletan. 

Azaroan hasi zen dena, hildako basurde bat agertu zenean Durana kaleko kabina gainean. Ordutik hona, toki berean, barazkiak, emakumezkoen barruko arropak eta motor bat agertu dira. 

Hedabideetan bolo-bolo 

Aretxabaletako misterioa berehala zabaldu zen komunikabideen artean. Sustatu.com albisteen Interneteko atarian ere erantzun dezente jaso zituen albisteak, eta Twitterren ere, espero moduan, hautsak harrotu zituen kontuak. Espainiako hedabideek ere gustura hartu dute Aretxabaletatik iritsitako albiste freskagarria. 

Alkatea umoretsu 

Herriko alkatea ere lanpetuta ibili da azkenaldian kazetarien galderak erantzuten. Dena dela, baikortasunez eta umore handiz hartu ditu Ana Bolinaga alkateak agerpen misteriotsuak. Euskal Herri mailako irrati batean egindako adierazpenetan azaldu zuen aretxabaletarrek sormenerako daukaten gaitasunaren adierazle dela kabinaren misterioa. 

Aretxabaletarren atentzioa ere bereganatu du getakariak. Nor dago misterioaren atzean? Esku bakarra da? Ala esku bat baino gehiago dira? Kontua da misterioa argitzen joate aldera aretxabaletarrak hurrengo objektu misteriotsua zein izango den ikusteko irrikaz daudela. Aratusteen bueltan aretxabaletarrak zoratu egiten dira; horrenbestez, hurrengo zer? Auskalo!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak