Hitzarmena sinatu dute Huhezik eta Aretxabaletako Udalak

Mirari Altube Arrese 2013ko urtarrilaren 24a

Elkarlanerako hitzarmena sinatu dute astean Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak (Huhezi) eta Aretxabaletako Udalak. Hala, zerbitzuak eta proiektuak trukatzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek.

Nekane Arratibel Huheziko dekanoak eta Ana Bolinaga alkateak eguaztenean sinatutako hitzarmenarekin bi erakundeen arteko harremana arautu dute. Huhezik hainbat konpromiso hartu ditu; horien artean daude, liburutegiaren eta gelen erabilera zabaltzea aretxabaletarrei –beti ere unibertsitatearen funtzionamenduaren barruan– eta MUko Kirol Zerbitzuak antolatzen dituen ekintzetan herritarrek ere parte hartu ahal izatea.

Gainera, ate irekien saio bat egingo dute herritarrek instalakuntzak ezagut ditzaten. Otsailaren 16an, zapatua, izango da hori; 11:00etan hasi eta eguerdia artean bertako langileek eta irakasleek egingo diete lagun fakultatea ikustera doazenei.

Udalaren konpromisoak

Udalak, bere aldetik, campus inguruko zelaiaren eta bertako argiztapenaren ardura izango du. Gainera, erraztasunak emango dizkio Huheziri Udalarenak diren hainbat gune erabiltzeko, tartean, Arkupeko aretoa, Ibarra futbol zelaia eta Iturrigorri pilotalekua –lehentasuna Kurtzebarri eskolakoek izango dute–.

Elkarlanean bultzatuko dituzten proiektuen artean, ostera, Euspot lehiaketa dago, komunikazio ikasleen praktikak eta proiektuak aprobetxatuta Arteman publizitate agentziarekin batera egin izan den lehiaketa.

Orain sinatutako hitzarmenak ez du epe mugarik. Gainera, jarraipen batzorde bat sortzea adostu dute, gutxienez urtean behin elkartzeko.

135 ikasle

Aretxabaletakoarekin MUren Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak bi campus ditu, Eskoriatzan bestea. Aretxabaletakoak Ikus-entzunezko Komunikazioaren titulazioa hartu du eta espezialitate horretarako egokitutako instalakuntzak ditu. Irailetik dago martxan eta 135 ikasle daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak