Herriko aniztasunaren gainean hausnartzen dabiltza herritarrak Udalarekin batera, Emun bitartekari dutela. Eta gonbidatuen artean daude ikastetxeetako kideak; ordezkari politikoak; ume eta gazteekin lan egiten duten kideak… Prozesu horren bitartez, kohesio soziala landu eta bultzatzea gura du Udalak; herriko eragileak eta herritarrak aniztasunaren inguruan sentsibilizatu, herriaren eraikuntza kolektiboa bultzatu eta udal politika justuago bat egin.
Lehenengo saioan, urtarrilaren 9an, bi talde osatu zituzten, batetik etorkinak, 11 inguru elkartu ziren; eta bestetik, bertan jaiotakoak, 7 bat. Herrian dagoen aniztasunaren gainean jardun zuten orduan.
Eguaztenean egingo duten saioan aurretik egindako hausnarketa oinarri hartu eta elkarbizitzarako akordiorako puntuak adostuko dituzte. Eta azken saioan, aurretik adostutako puntuak kontuan hartuta elkarbizitza planerako ildo nagusiak adostu eta ezarriko dituzte.