Desagertzeko zorian
Laura Jimenezekin batera murgildu da Rodrigez proiektu horretan eta asmoa da Interneten liburutegi digital bat sortzea edonork bertara sartu eta batutako materiala entzun edo deskargatu ahal dezan. "Jasotzen ari garen hizkuntza asko desagertzeko zorian daude, ama-hizkuntza alde batera uzten joan direlako espainolaren alde eta baita hezkuntzak eta politikak alde batera utzi dituztelako ere. Labur esanda, nahi duguna da ekarpen txiki bat egitea horren baliotsua eta zaharra den herentziaren zati bat ezagutzera emateko; Uste dugu guztion ondarea dela".
Orain arte Mexikoko Oaxaca estatuan ibili dira eta mazatecoak, mixeak, cuicatecoak eta zapotekoak bisitatu dituzte, beste komunitate batzuen artean. Egun, San Cristobal de las Casas-en daude, Txiapasko grabaketa prestatzen: "Proiektuak aurrera egin eta iraun dezan geldialdiak egin behar izaten ditugu, lana lortu eta diru apur eskuratzeko. Ofizio berriak ikasten ari gara". Aurreikusitako bidea luzea da: Mexiko, Panama, Guatemala, Honduras, Salvador, Nikaragua eta Costa Rica.
Herririk herri, Escarabajoan
Rodriguezek kontatu digu aurrez daukatela herri bakoitzaren gaineko informazioa. "Tokira iristen garenean bertako kultura etxearekin edo irrati komunitarioarekin harremanetan jartzen gara. Gehienetan, hor topatzen ditugu tokiko musikaren inguruan gehien dakiten pertsonak. Haiekin hitz egin ostean zer nahi dugun badakigunean, Escarabajoa [autoa] martxan jarri eta komunitateetara joaten gara grabaketak egitera". Batzuetan, atzerritarrak izanda, mesfidantzaz hartzen dituzte hasieran, baina orain arte toki gehienetan oso harrera ona egin diete: "Bideoetatik dirurik ateratzen ez dugula konturatzen direnean eta ikusten dutenean ez dugula eurekin intentzio txarrekin jokatuko, dena aldatzen da. Etxeko ateak irekitzen dizkigute".
Inguruko batzuek esan izan diote "zoratuta" dagoela, beste batzuek "disfrutatzeko", ikasteko eta, batez ere, "zoriontsu izateko". Horiek guztiak kontuan izanda, oraingoz, epe laburrean, ez dauka etxera itzultzeko asmorik.