Aitor Irure: "Gobernuan zein oposizioan zintzo eta serio aritu ginen lanean eta eragina izan zuen osteko hauteskundeetan"

Mirari Altube Arrese 2013ko urtarrilaren 17a

Aitor Irure (Aretxabaleta, 1961)Herri Batasuna alderdiko zinegotzi izan zen bi agintalditan; 1987tik 1991ra. "Ustekabean" sartu zela dio, laugarren hautagaia zelako; bigarrenean (1991-1995), ostera, zerrendaburu izan zen.

EArekin batera Udal Gobernua osatu zenuten 1987tik 1991ra.

Bai, HBk Hizkuntza eta Normalizazio arloko ardura hartu zuen eta nik, Euskara batzordeko ardura. Egoeraren hausnarketa sakona egin ostean (hainbat erakunderekin batera), Euskara teknikaria sustatu eta lortu genuen.

Udal Gobernuan urtebete egin ondoren, kaleratuak izan ginen, kalean jartzen zen publizitatearen kudeaketa zela eta. Guk bereizi egiten genuen aldarrikapen politikoa eta beste zenbait propaganda. Alkateak ikuspegi hori partekatzen ez zuenez, bota egin gintuen Udal Gobernutik. 

Bigarren agintaldian EArekin eta PSE-EErekin osatu zenuten Udal Gobernua. Zela moldatu zineten?

Alkateak, Pedro Mendietak, udal ordezkaritza zuten alderdi guztiekin nahi izan zuen osatu gobernua, baina EAJ-PNVk bien artekoa soilik aldarrikatu zuen; eta bere kabuz hartutako erabakiz, gobernutik kanpo geratu zen.Gorabehera dezente izan genituen, baina, tira, gai izan ginen hainbat egitasmo aurrera ateratzeko, eta agintaldi itxurosoa osatu.

Zelako giroa zegoen udaletxean alderdion artean?

Egunerokotasunean giroa nahiko normala zen. Desadostasunak gai konkretuetan azaltzen ziren (mozio politikoak, hirigintza egitasmoak, kudeatzeko erak…), batzuetan indar edo berotasun handiagoarekin, baina, oro har, ondo bereizten genituen makro (nazio) eta mikro (herri) politika.

Une gogorrik pasatu zenuen?

Bat baino gehiago. Estreinako agintaldian lau zinegotzi ginen, eta ez genuen esperientziarik. Eskerrak garai hartako idazkariak, Arrate Urretak, emandako laguntzari; pazientzia handia izan zuen gurekin. 

Bestalde, artean gaztea nintzen, eta nahiko odol berokoa. Hainbat erabaki ulergaitz egiten zitzaizkidan, eta halaxe, bere gordintasunean, adierazten nuen. Alde horretatik ez nintzen batere politikoa, eta horrek bazuen bere alderdi txarra arlo pertsonalean.Baina momentu onak gailentzen zaizkie; besteak beste, taldekide batzuk lagunak izatera pasatu dira eta gaur egun harreman horiek bizirik diraute.

Garai hartan egindako edo lortutako zer daukazu gogoan?

Lorpen bat izan zen hirigintza mailan planteaturiko egitasmo bat hizkuntzaren normalizazio arlora bideratzea; hau da, udaletxe zaharraren berrikuntza Euskal Txokoa izatea. Zoritxarrez, Euskal Txoko horrek ez zuen jarraipenik izan ondorengo agintaldietan.

Eta zerbait egin gabe geratu izanaren penarik baduzu?

Egin gabe baino gehiago, bi egitasmo gelditzeko izan genuen gaitasunik ezak ematen dit pena. Bata, Araba ibilbidean eratu zen industrialdea. Guretzat ez zen lekurik egokiena eta hala ikusi zuten herriko beste hainbat lagunek ere. Ia 1.000 sinadura aurkeztu genituen proiektuaren aurka, baina ez zuen ezertarako balio izan. Industrialde hori bainuetxera eramatea zen gure alternatiba, bertan aisialdirako parke bat eraikita.

Bestea Otalorako (Aozaratza) bigarren eraikuntzarena izan zen, legearen zirrikituak erabiliz aurrera eraman zena. Guk Iruikua baserria jotzen genuen alternatibatzat, eta, inguruak ondoren izan duen bilakaera ikusita (bidegorri berria, baserria erortzen…), uste dut zuzen genbiltzala.

Zortzi urte egon ostean, zein ikasgairekin joan zinen?

Harro sentitzen naiz egindako lanarekin. Gu zinegotzi sartu aurretik ezker abertzaleko ordezkariei leporatzen ziguten "ezetz" esaten baino ez genekiela. Gu Gobernuan zein oposizioan zintzo eta serio aritu ginen lanean, eta esango nuke horrek eragin zuzena izan zuela osteko udal hauteskundeetan. Bestalde, zinegotzi lanak aukera paregabea eskaintzen du herria ezagutzeko. Hori guztia gutxi balitz, emaztegaiarekin ere joan nintzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak