Enduro eta jaitsiera modalitateekin buru-belarri zabiltza, baina orain dela urte gutxira arte trialsina zen zure modalitate nagusia.
Hala da, baina trialsina iaz utzi nuen alde batera. Orain arte 12 urtez ibili naiz modalitate horretan lehiatzen, 8 urte nituela hasi nintzen eta iaz arte horretan ibili naiz. Kontua da hainbeste modalitate egiteak denbora falta dakarrela eta modalitate ezberdinetako lasterketa asko egun berberean egiten dituztela. Beraz, beste modalitate batzuetan zentratzeko asmoz, trialsina alde batera uztea erabaki nuen.
Gaur egun enduro modalitatean lehiatzen zara, batez ere, baina, tarteka, jaitsierak ere egiten dituzu, ezta?
Bai, oraintxe bertan batez ere enduroan zentratuta nago, baina, horrez gain, mendiko bizikletako zein jaitsiera lasterketa batzuetan hartzen dut parte. Izan ere, enduroko lasterketan prestatzeko oso ondo datorkit bi modalitate hauetan lehiatzea.
Hala ere, bizikleta gainean ikusten zaitugunean, trialsinetik zatozela segituan igartzen da.
Azken finean, trialsina betidanik praktikatu izan dut, eta motorrean ere ibili izan naiz. Beraz, bizikleta gainean hori ikusi egiten da, abilezia asko lantzen da trialsin modalitatean.
Aspaldian, lasterketak egiteaz gain, bideoak egiten ikusi zaitugu.
Orain dela 4 bat urte, beste txirrindulari batzuen bideoak ikusten hasi nintzen, eta, oso gustuko nituenez, bideokamera bat erosi eta bideoak grabatzeari ekin nion. Emaitza polita izaten da eta jendeak bideoen jarraipena egiten du; beraz, pozik.
Ze ezaugarri ditu enduroak?
Azken finean, mendiko bizikletaren eta jaitsieraren arteko nahastea da, bi modalitateen ezaugarri onenak batzen ditu.
Gurera orain indarrez heltzen ari den modalitatea da.
Bai; berez, txirrindularitzako beste modalitate bat da, baina motorreko endurotik dator, karrera formatuak oso antzerakoak direlako. Ibilbideak 30-50 kilometro ingurukoak izaten dira, baina bi tarte ezberdin bereizten dira. Alde batetik, lotura tarteak; eta, bestetik, tarte kronometratuak. Azken hauek dira lasterketan puntuagarriak, gehienetan jaitsierak, baina lotura tarteak denbora jakin batean egin behar ditugu, bestela zigortuak izaten gara-eta. Beraz, enduroak fisikoki nahiko ondo egotea eskatzen du, tarteka ibilbide luzeak igo behar ditugulako, ez dira jaitsierak soilik.
Hala ere jaitsierako lasterketetan ere hartzen duzu parte.
Bai, modalitate honetan zirkuitu bakar bat egoten da eta hau oso ondo entrenatu ondoren, askotan ibilbidea buruz ikasten dugu, ahalik eta azkarren jaitsi behar dugu. Lasterketan, jaitsierako denbora bakarrik hartzen da kontuan; beraz, azkarrak eta oso ikusgarriak izaten dira.
Errespetua emango du horrelako abiaduran jaisteak, ala?
Duda barik, baina ez da hain arriskutsua. Bizikleta bereziak erabiltzen ditugu eta gu geu oso babestuta joaten gara. Hala ere, lasterketa oso teknikoak izaten dira eta kolpeak ez dira diruditen besteko gogorrak.
Lehiatzeko nora joan ohi zara?
Enduroan lehiatzeko, esaterako, kanpora joatera behartuta egoten naiz askotan; adibidez, Madril, Frantzia, Segovia edo Galizia aldera joaten naiz, baina Europan ere lehiatu naiz noiz edo noiz, eta han ikusten den maila handiagoa da. Esan bezala, hemen oraindik modalitate berria da. Jaitsierak egiteko, ordea, Euskal Herrian 8-10 lasterketa ezberdin egiteko aukera dugu; hortaz, ez dago urrun joan beharrik.


