Nork bultzatu zintuen modelo lanetan hastera?
Bueno, lehenik eta behin, gustatuko litzaidake argi uztea une hauetan ez nabilela modelo lanetan, denbora falta dela eta. Ikasketei lehentasuna ematea ezinbestekoa iruditu zait urte honetarako, behintzat. Ikasketak amaitzean gustatuko litzaidake berriz ere modeloen munduan buru-belarri sartzea. Betidanik gustatu izan zait modeloen mundua, eta nire neskalaguna izan zen casting batera aurkeztera bultzatu ninduena.
Noiz piztu zitzaizun modelo izateko interesa?
Nire ikasketak egiten hasi nintzenean jende desberdin asko ezagutzeko aukera izan nuen, eta honek piztu zidan ideia.
Non egin duzu lan?
Corte Inglesentzat egin dut lan. Wannabe a model pasarelan aritzeko casting-era aurkeztu nintzen, eta, zorionez, aukeratu egin ninduten. Ekitaldi haren ondoren, udako bainujantzi linea berriaren aurkezpenerako ere deitu zidaten.
Etorkizunari begira, gustatuko litzaizuke modelo izatea?
Bai, baina lan munduan horretara dedikatzea oso zaila da, konpetentzia handia dago eta jende oso trebea dago mundu horretan sartuta. Beti zure onena ematen saiatzen zara eta eguneroko bizitzan sakrifizio handia eskatzen du horrek. Baina saiatzeak merezi duela uste dut.
Baduzu beste zaletasunik?
Bai; argazkigintza eta bideogintza asko gustatzen zaizkit. Nire denbora librean argazkiak ateratzea asko gustatzen zait, edonora bidaiatzen dudala kamera alboan eramatea ezinbestekoa da niretzat. Futbol partiduetan argazkiak ateratzea oso gustuko dut. Bideogintza ere nire zaletasunetako bat da. Unibertsitateko lanez aparte, lagun artean egiten ditugu zenbait bideo barregarri. Aretxabaletako Inauterien inguruan ere urtero egiten dugu bideo barregarriren bat edo beste. Bai Inauteriak iragartzeko eta ondoren egun handia bost minutu inguruko bideo batean laburtzeko.
Futbolean ibiltzen zarela ere entzun dugu; zein mailatan jokatzen duzu?
Lehen mailan jokatzen dut, erregionaleko lehen mailan, alegia. UDA B taldean. Joan zen denboraldian mailaz jaitsi ginen arren, talde oso polita daukagu. Orain igoera faserako sailkatuak gaude, eta, inongo zalantzarik gabe, mailaz igotzea lortuko dugu! Aupa, UDA!
Zer garrantzi du futbolak zure bizitzan?
Egia esan, kirolak berak daukan garrantzia ematen saiatzen naiz. Hau da, ez gehiago eta ez gutxiago. Konpromisoz hartzen dut, baina burua galdu gabe. Asko gustatzen zaidan kirola da, eta asko gozatzen dut bai jokatzen eta bai taldean dugun giroarekin.
Umeak ere zure zaletasunen barruan sartzen dira, ezta?
Izugarri gustatzen zaizkit umeak, poztasun izugarria ematen didate eta oso gustura aritzen naiz beraiekin. Irakaskuntza arloan aritzeko aukera beti dut gogoan. Baina, oraingoz, oso gustura nabil aisialdi arloan umeekin lanean. Udalekuetan sei urte daramatzat, bai Arizmendi Ikastolako udalekuetan, Acedon, eta baita Ikastolen Elkarteko ingeleseko udalekuetan ere, Zarautzen. Kirol arloan, multikiroletan ari naiz orain urte osoan. Lau neska talde ditut Lehen Hezkuntzako hirugarren eta seigarren mailen bitartean, eta benetan zoragarriak dira. Honetaz gain, urtero joaten gara Bordeleko nazioarteko futbol txapelketara bost eta sei mailetako mutilekin. Esperientzia zoragarria da benetan. Umeekin oso ondo konpontzen naiz, azken finean ni ere ume handi bat naiz-eta!
-----------------
Pertsonala
Zure herriko txoko magikoena: Aretxabaletako telefono kabina.
Bizi izateko herri bat: Salzburgo.
Kantu gustukoena: Sebastian Ingrossoren Calling.
Gogoko janari bat: Txuletoia.
Bidaiatzeko toki bat: Ameriketako Estatu Batuak eta Abbu Dabi.
Gogoko liburu bat: El poder del ahora.
Beldurra zeri: Goseari.
Bidaia gustukoena: Benidormera lagunekin.