Aurten, Huhezinemaren seigarren edizioan, 4.000 euro banatuko dira saritan

Amaia Garate 2013ko urtarrilaren 11

Joan den edizioan baino diru gehiago banatuko ditu Huhezinema lehiaketak.

Hurbiltzen ari da Apirilaren 16, 17 eta 18an ospatuko den Huhezinema 2013 Euskal Film Laburren Jaialdiaren seigarren edizioa. Aurten gainera, joan den edizioan baino diru gehiago banatuko da sarietan, 4.000 euro hain zuzen ere, parte-hartzaule guztien artean film laburrik onena saritzeko.

Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia Huhezi fakultateko (Mondragon Unibertsitatea) Komunikazio gunean sortu zen 2008. urtean. Huhezinema bera ikasgaia izanik, Ikus-entzunezko komunikazioko laugarren mailako ikasleek benetako film laburren jaialdi baten antolakuntza ezagutzeko eta gauzatzeko aukera dute. Erabat praktikoa den ikasgai horren helburua da, elkarlanean jaialdia ondo ateratzea. Horrela, aukera dute graduan zehar ikasitakoa praktikan jartzeko, eta, aldi berean, mundu profesionalarekin harremanak sustatzeko aukera dute.

Lehiaketa ofizialean zein MUko ikasleen lehiaketan lanak bidaltzeko epea irekita dago jada, eta bi lehiaketetan parte hartzeko oinarriak Huhezinemaren webgunean kontsulta daitezke.

Deialdia irekita

Lehiaketa ofizialean parte hartzeko lanak martxoaren 1a baino lehen bidali behar dira eta MUko ikasleen lehiaketarako lanen epea, berriz, martxoaren 8an amaituko da.

Lehiaketan parte hartzeko oinarrien artean, adina ez da arazo, edozein adinetako egileen lanak onartuko baitira. Bestalde, egileen jatorriari dagokionez Euskal Herrian jaiotakoenak edo bertan erroldatuta daudenenak bakarrik jasoko dira. Edozein generotako lanak izango dira gehienez 30 minutuko iraupenarekin. Jasotako lanak Huhezinemaren esku geratuko dira.

Aurtengo ikasleen lehiaketa, gainera, sari berri batekin dator. Izan ere, Basque Culinary Center-en lankidetzari esker, ikasleen lehiaketan sari berezia emango du 2013an euskal gastronomia ondoen islatzen duen lanarentzat. Goiena Komunikazio taldeak, beti bezala, aurten ere parte hartuko du lehiaketan, euskarazko lanik onena saritzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak