Batzordeko kideek gogorarazi gura diete herritarrei hainbat bide daudela Korrikari laguntzeko; laguntzaile egitea da horietako bat. Aurreko urteetan kontu korrontea eman izan dutenei aurten ere etxera bidaliko diete laguntzaile txartela. "Besteek, Udaleko Euskara zerbitzuan eta Loramendi elkartean dute aukera Korrika laguna egiteko 12 euroren truke", diote. Korrika laguntzaile txartela eta pina jasoko dituzte trukean horiek. Txartela dutenek, gainera, eskaintzak eta abantailak izango dituzte hainbat dendetan.
Laguntzeko beste bide bat kilometroak erostea da: "Aretxabaletak 3 km izango ditu eragile ezberdinen artean banatzeko". Eta Korrika denda ere egongo dela iragarri dute materiala erosteko.
"Horrez gain herriko komertzio eta lantegietan laguntza eskatuko dugu, bakoitzak ahal duen neurrian lagun dezan", jakinarazi dute.