"Gospelak publiko handia du Euskal Herrian"Gazteak dira –1982an eta 1983an jaioak– baina formazio mardula dute honezkero Iñaki Miguel eta Ainhoa Egiguren donostiarrek. Old Charm Blues taldean oldies-ak jotzen dituzte batera, eta The Lord izenarekin gospel musika zabaltzen dute. Iñaki Miguelek Gospel Zikloa antolatzen du, eta Euskal Herrian Gabonetako klasiko bihurtu da dagoeneko. Ainhoa Egiguren Donostiako Orfeoi Txikian hasi zen abesten, eta, gaur egun, Les Fous ahots-taldean ere badabil. Gospel kontzertuak urte osoan ematen dituzue ala bakarrik Gabonetan? Gospela bakarrik "espiritualak" diren garaietan egiten dugu: Gabonetan eta Aste Santuan. Garai horiek dira hemen gospela egiteko aproposenak. Jendeak Gabonetan kokatzen du gospela. Zein da zuen errepertorioa? Gospel musikako emakumezkoen abestietan oinarritzen da gure errepertorioa: Mahalia Jackson, Clara Ward edo Marion Williams-en abestietan, besteak beste. Gospela ez da hain ohikoa Euskal Herriko musikarien artean. Zergatik gospela? Iñaki Miguel: Bizitza osoa daroat gospela entzuten. Izugarri gustatzen zait. Pianoa jotzeko, ezagutzen dudan estilorik aberatsena da gospela. Gospela jotzen dudanean, bluesa, soula, countrya… jotzen nabil, eta, aldi berean, dena bateratzen dut. Ainhoa Egiguren: Aitak erakutsi zidan, txikia nintzenean. Bizi osoan abestu izan dut gospela. Niretako amets bat da lanbidez hura abesten ibiltzea. Ameriketako Estatu Batuetan izan zarete, edo hango taldeekin? Eta, hala bada, ze ikasi duzue eurengandik? I.M.: AEBak bisitatu nituen orain dela 12 urte. Bluesaren hirian, Memphisen; countryarenean, Nashville-n; eta jazzarenean, New Orleansen izan nintzen. New York falta zait bisitatzeko, gospel mezaren batera joan ahal izateko. Hiri horietan egoteak eten barik musika esentzialaz blai egotea dakar. Nola definituko zenukete zuen estiloa? Gure estiloa gospel purua da. Eta nola erreakzionatzen du jendeak zuen kontzertuetan? Jendeari asko gustatzen zaio. Txaloak ematen dituzte abestietan zehar, eta batzuk altxatu eta dantzan hasten dira. Ameriketako Estatu Batuetan bai; baina gospelak ba du publiko nahikorik hemen? Publiko handia du. Elizak, kultur etxeak eta auditoriumak betetzen ditugu. |