Jolas parkea egongo da kiroldegian hilaren 26an eta 27an

Mirari Altube Arrese 2012ko abenduaren 22a

Gabonetako jolas parkea bueltan dator Aretxabaletara. Poxpolin taldeko gazteen burutazioa izan da, eta irailetik antolatze lanetan jardun ondoren gertu daukate guztia. Abenduaren 26ean, eguaztena, Ibarra kiroldegiko kantxan egongo dira jolasak, eta 27an, eguena, igerilekuan.

"Gu umeak ginenean kirol etxeko jolas parkean ibilitakoak gara, eta uste dugu Gabonetarako antolatutako ekintzetan hutsune handia zegoela azken urteotan. Horregatik, udaleku irekietan begirale lanetan jardundako hainbat gazte elkartu eta hori antolatzen ibili gara", argitu dute. Gazteria Sailekoek egin dizkiete bitartekari lanak eta kiroldegiko kideen laguntza ere izan dutela jakinarazi dute.

Herritar guztiek ordaindu

Abenduaren 26ean, eguaztena, jolasak izango dituzte kiroldegiko kantxan 2 eta 12 urte arteko neska-mutikoek (11:00-13:00 eta 17:00-20:00): gaztelu puzgarriak, tailerrak, eskulanak, mahai-futbol txapelketa, karaokea…

Eguenean, hilak 27, ostera, igerilekuan izango dituzte puzgarriak eta jolasak. Eta adinaren araberako taldetan banatuta joan ahal izango dira bertara: 11:00etatik 13:00etara, 0 eta 7 urte artekoak (nagusiek lagunduta); 17:00etatik 18:30era, 7 eta 9 urte artekoak; eta 18:30etik 20:00etara, 10 eta 13 urte artekoak.

Prezioari dagokionez kiroldegiko abonatuek debalde izango zutela iragarri arren ez da hala izango; sarrera guztiek ordaindu beharko dutela jakinarazi du Gazteria Sailak, "gainontzeko kiroldegietan ere ez da bereizketarik egiten bazkide direnen eta ez direnen artean". Hona prezioak: hilaren 26ko parkerako sarrera, 5 euro; eta hilaren 27an igerilekurako, 4 euro. Bi egunetarako txartela hartuz gero, 7 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak