Aretxabaleta, Amuritzaren azken plaza

Arritxu Barruso 2013ko urtarrilaren 3a

Azken asteotan telebistan eta egunkarietan behin baino gehiagotan ikusi dugu Miren Amuritza bertsolari bizkaitarra. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean izan zen abenduaren 15ean, Miribillan. 

Aretxabaletan, baina, telebistan bakarrik ez, kalean gora eta behera ikusiko zuen askok. Iraila ezkero, Aretxabaletan bizi da bertsolari bizkaitarra. Gasteizen lau urtez Euskal Filologia ikasi ostean, etxera bueltatu beharrean, Debagoienean topatu du bizilekua. Irakaskuntzarako Gaitasun ikasketak egiten ari da, Huhezin: "Berrizkoa izanik ez nuen herri edo hiri handi batean bizi nahi. Aretxabaleta, zentzu horretan, herri aproposa da. Irailean etorri nintzen eta oso gustura nago hemen. Herri euskalduna da eta aurrez ere ezagutzen nuen jendea hemen", kontatu digu. 

Dagoeneko ondo ezagutzeko ditu Aretxabaletako txokoak, baina bada bat bereziki gustuko duena: "Urkulura joan nintzenean liluratuta gelditu nintzen. Umetan egona nintzen, baina orain berriz joan naizenean ikaragarri gustatu zait. Dezentetan joaten naiz buelta bat ematera". 

Kanpanzartik beste aldera

Aretxabaletan bizi eta Arrasatera ere maiz joaten dela kontatu digu bizkaitarrak, baina etxera bisita ere sarri egiten du: "Kanpanzartik beste alderako bidea sarri egiten dut, familia eta lagunak bisitatzeko".

Hemen ere jarraitzaileak

Hilabete gutxi batzuk daramatza gurean bizi izaten, baina badu jarraitzaile talde bat, eta Bizkaiko Txapelketan ere Miribillan izan ziren: "Aretxabaletatik ere etorri zen jendea animatzera. Esan bezala, bizi izatera etorri aurretik ere banituen lagunak Aretxabaletan". Debagoienean bertsolaritzarekiko zaletasun handia dago, eta bertsozaleek, seguru, gustura hartu dutela Aretxabaletan egin duten fitxaje berria. Hurrengo bertso-afarian ongietorria eman beharko zaio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak