1.741 abonatu ditu Ibarra kiroldegiak

Mirari Altube Arrese 2012ko abe. 20a, 19:33

Ia lau hilabete pasatu dira Ibarra kiroldegia martxan jarri zutenetik, eta hilabeteotako balorazioa egin eta Gabonetarako gertatu duten 'Zatoz!' kanpainaren berri eman gura izan dute. 

1.741 abonatu ditu kiroldegiak egun, 888 gizonezko (%51) eta 853 emakumezko (%49); aretxabaletarren %26, hain zuzen: "Oreka lortu dugu gizon eta emakumeen artean eta osasunaren zainketara bideratutako estrategiak fruitua eman du", jakinarazi zuen Iker Etxeberria zuzendariak.

Jarduerei dagokienez, 17 ezberdin eskaintzen dituzte: areto bizikleta, yoga, pilates, urgim… 34 talde dabiltza horietan, 400 bat lagun. Eta kirol elkarteek ere badute lekua bertan: Leintz eskola kirolak; UDAko areto futbolak eta karateak; Debagoieneko eskalatzaileek… Bailara izaerako kiroldegia dela gaineratu zuen, inguruko herrietako abonatuak dituztelako, eta pozik azaldu zen erabiltzaileek "balorazio positiboa" egin dutelako.

Obrarekin dituzten arazotxoak direla kiroldegiaren puntu ilun bakarra aipatu zuen, "baina hori hobetzeko lanean gabiltza".

Gabonetako kanpaina

Zatoz! leloarekin kanpaina egingo dute Gabonetan eta dagoeneko erabiltzaileekin egindako spota ematen hasita daude. Gainera, Youtube kanalean erabiltzaileen testigantzak jaso dituzte: "Bailarako instalakuntza onenak, tratu ona, erosotasuna, prezioa, kalitatea, berrikuntzak…". Eta argibide guztiokin esku-orriak banatuko dituzte egunotan etxerik etxe.

Gainera, instalakuntzak ezagutzeko 6.000 sarrera banatuko dituzte abonatu ez direnen artean debalde sartu eta ezagut dezaten. 10 sarrerako bonoak ere gertatu dituzte Gabonetan oparitzeko.

Jarduera berriak

Urtarriletik aurrera hiru jarduera berri izango direla iragarri zuen: Capoeira; Tai chi; eta Step. Horien prezioa izango da gainerakoena legezkoa, 12,46 euro (BEZ barne); eta lehen hilabetean debalde probatzeko aukera dago.
Langileen tarifa murriztua dutela abian ere gogorarazi dute –astelehenetik egubakoitzera (08:00-16:00)–: 21,18 euro izango da prezioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak