Gurasoendako saioak antolatu dituzte Nerea Mendizabal psikopedagogoarekin

Mirari Altube Arrese 2012ko abenduaren 17a

Kuku Miku elkarteak antolatu ditu gurasoendako saioak Nerea Mendizabal psikopedagogoarekin (Zestoa, 1976). Urtarriletik maiatzera bitartean izango dira, hilabetean saio bat (17:30-19:30), eta umeen hazkuntza eta hezkuntzarekin zerikusia duten hainbat gai landuko dituzte. Interesatutakoek abenduaren 28a baino lehen eman behar dute izena.

Izena emateko hona: kukumikuelkartea@gmail.com edo 650 93 96 93 (Nerea). Saioen prezioa 7 euro da bazkideendako eta 10 euro gainerakoendako (aurrez ordaindu beharra dago saio bakoitza). Saioak Kuku Mikuren lokalean (Durana kalean) izango dira.

Hilabetean saio bat eskainiko du Mendizabalek, urtarriletik maiatzera bitartean. Hona:

Haurtzaroaren oinarri sendoak (urtarrilak 7)

Etorkizuneko pertsonaren oinarriak haurtzaroan eraikitzen dira. Hori horrela, segurtasunez eta konfiantzaz hornitzeko, gurasoek ezagutu eta zaindu beharreko pilareak landuko dituzte: "Haurtzaroan izango dituen esperientzia atseginez gain, izango diren momentu zailetan haur honek, egoera horiei aurre egiteko aukera gehiago izan dezan", diote kideek.

Errespetuzko komunikazioa (otsailak 4)

"Haurrengandik urrutiratzen gaituzten zailtasunak aztertu ondoren, beraiengana gerturatzen, ulertzen eta gozatzen lagunduko diguten komunikazioaren pausoak aurkeztuko dira, guretzako inportanteak diren helburuetara iritsi nahi dugula kontutan hartuta", diote. Eta landutakoak beste edozein harremanetarako baliagarria izango dela iragarri dute: bikotearekin, lagunekin, lankideekin, haurrekin, senideekin…

Esaten dizudana bete eta ez haserretu (martxoak 4)

Haurren emozioen inguruan eta gurasoek jarri gura dituzten mugen gainean jardungo dute. "Nola erantzungo dugu haurraren emozio ezatseginen aurrean (amorrua, agresibitatea, kasketak, tristura, beldurra...)? Mugak jarri nahi ditut baina zein, noiz, nola, zergatik? Eta zer egin betetzen ez dituenean?" Galdera horiek guztiak eta beste hainbat erantzungo ditu Mendizabalek.

Ez dut zigortu nahi (maiatzak 6)

"Haurrak duen jarreraren aurrean sarritan ondorio bat ezarri nahi izaten dute gurasoek haurrak ikas dezan, eta zigorrak jartzea beste armarik ez zaigu gelditzen", diote. Horiek haurrengan duten eragina aztertu ondoren zigor, mehatxu eta xantaiez gain beste aukera batzuk daudela aztertuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak