Nobedadeekin dator aurtengo erakusleiho lehiaketa. Hala, ez da egongo izenik eman beharrik eta herriko denda guztiek hartuko dute parte. Hori bai, erakusleiho horiek abenduaren 15etik 31ra bitartean izan beharko dituzte apainduta. Gainera, argiztatuta izatea 21:00ak arte eskatu dute, epaimahaikoen lana samurtzeko.
Epaimahaia osatuko dute alkateak, Kultura zinegotziak eta Udaleko enplegu teknikariak; eta imajinazioa, originaltasuna eta Gabonetako mezua euskaraz emateko modua hartuko dituzte kontuan horiek. Gainera, saltokiko ohiko produktuekin apainduta egon beharko dute.
Saria erakusleiho bakarrak jasoko du eta izango da plaka bat. Plaka hori urtero lekuko moduan pasatuko dio aurreko urteko irabazleak hurrengoari. Plakarekin batera ezusteko oparia ere jasoko du.
Irabazlearen berri urtarrilaren 6a baino lehen emango du epaimahaiak.