Positiboki baloratu dute herritarrek aurrekontu parte hartzaile ekimena

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko abenduaren 14a

Aretxabaletako Udalak 2013ko aurrekontu proiektua prestatzeko orduan, herrigintzaren bidez garatzea erabaki zuen. Bagarak zehaztutako lan dinamika jarraituz zenbait saio egin dituzte eta atzo eman zituzten jakitera ondorioak.

Aurrekontuak herrigintza bidez lantzea. Horixe izan da Aretxabaletako Udalaren nahia, eta Bagararen laguntzarekin eraman dute aurrera. Azaroaren 15ean egin zuten aurreneko bilera eta bertan udalaren funtzionamenduaz edota egoera ekonomikoaz egin zuten berba. Bigarren hitzordua azaroaren 24ean izan zen, eta lantaldetan banatuta, gai ugari jorratu zituzten. Hain zuzen ere, arlokako ekarpenak egin zituzten; horietariko bakoitza udal teknikari, politikari eta herritarrez osatuta egon da. Bost talde egin ziren orotara: Gizarte zerbitzuak, Kultura, Gazteria, Hirigintza, Euskara eta hezkuntza. Atzo eman zituzten jakitera bakoitzean irtendako ondorioak.

Balorazioa

Bagarako Arkaitz Biainek parte hartze zifren gainean egin zuen berba. 1.go saioan 31 herritarrek (17 emakumezkok eta 14 gizonezkok) hartu zuten parte, eta 13 eragilek.Bigarren saioan berriz, 25 herritarrek (6 emakumezko eta 19 gizonezko) eta 8 eragilek.

Gainera, parte hartzaileek zer nolako balorazioa egin duten eman zuen jakitera. Hala, positiboki baloratu da ekimena bera eta parte hartzea; talde lana; teknikarien presentzia; dinamizazioa; eta informatzea. Aldiz, negatiboki ikusten dute informazioaren eta zenbait daturen falta (esaterako kostuen gainean berba egin bai, baina diru sarrerak aipatu ez izana); saioen iraupena; hizkuntzaren trataera; parte hartze txikia; eta guraso direnen haurrentzako zaintza zerbitzurik ez egotea.

Kezkak eta ondorioak

Egoera ekonomikoa, eta udalaren zorra kezka nagusiak izan dira prozesuan zehar, eta gainera, orokorrean herritarrek Udaleko batzordeetan duten parte hartzea eskasa izanik, hitza bermatzeko bideak aztertu beharra nabarmendu zen.

Taldekako lanaren ondoren, askotariko kezkak azaldu dira. Gizarte zerbitzuei dagokienez, irtendako ondorio nagusia, gaiarekiko dagoen informazio falta dela adierazi zuten. GAinera, etorkinen gaian eta diru laguntzetan ere hutsune nabarmenak ikusten dituzte herritarrek.

Kulturari dagokionez, Udalaren eta HUHEZIren arteko elkarlana indartu beharra dagoela iritzi diote herritarrek, edota Errege kabalgata zein Bizar Zuri udalak antolatu beharko lituzkeen zalantzan ipini zuten.

Gazteria arloan berriz, Gaztetxeko eraikinaren (kuartela) egoeraz eta irtenbide posibleen azterketarako mahai iraunkorra sortu beharra azpimarratu zen; eraikinaren hezetasun arazoen hobekuntzarako partida bat sortzea... Horren harira, Ana Bolinaga alkateak jakitera eman zuenez, eraikinaren gaineko azterketa egin da dagoeneko, baina konponketa lanek-eta eskatzen duen diru kopurua handiegia dela ikusi dute. "Horrek ez du esan gura kezkatzen ez gaituenik".

Hirigintza taldean irtendako ondorioen artean,  etxebizitza, bidegorri eta zirkulazioa, industrialdeak, Deba ibaia dira aretxabaletarren kezketariko batzuk. Plan orokorra egiteko prozesuari behar duen denbora eskaintzeko beharra ere azaldu zen.

Euskara eta hezkuntza gaiak talde berean landu dira prozesu honetan. Euskararen transmisio, motibazio, erabilera sustatzeko iniziatiba eta politikekin jarraitu beharra azaldu zen. Udalak egiten dituen ekitaldi publikoetan euskarari lehentasunik ez ematea kritikatu zuten, edota kirol arloan, kirol etxe zein elkarteei  jarraipena egitea euskarari dagokionez.

Hezkuntzaren arloan, udalak Hezkuntza Batzordea edukitzeko premia azpimarratu zuten, edota HUHEZIn herrian duen eraikinean ikasten duten gaztek herrian bertan geratzeko estrategiak pentsatu beharra nabarmendu zen bileretan.

Orain, Udal Gobernuari aurkeztuko dizkiote bilerotan irtendako ondorioak, eta "aurrekontuak lantzeko orduan batzuk aurrera eraman ahal izango dira, eta beste batzuk berriz, momentuz ez, bizi dugun ekonomia egoeragatik". Hala eman zuen jakitera Bolinaga alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak