Giro bikaina Kurtzebarri eskolakoen Udazken Jaiean

Mirari Altube Arrese 2012ko abenduaren 5a

Atzo, abenduak 4, ospatu zuten Kurtzebarri eskolako kideek Udazken Jaia Iturrigorri pilotalekua jendez lepo zela. Txalapartariak, trikitilariak, irrintzi lehiaketa, dantza eta gaztaina-erreak eta buzkantz mokadutxoa izan zituzten. Hala, giza balioen asteari jai giroan eman zioten bukaera.

Txalapartarien ongietorriaren ostean irrintzi lehiaketari ekin zioten. Ikusmin handia sortu zuen eta 6 eta 12 urte arteko ikasleek lekaixo ederrak bota zituzten. Ondoren, pilotalekua dantzariz bete zen; ikasle, irakasle eta gurasoek elkarrekin egin zuten dantzan. Bien bitartean, gazta baten pisua asmatzeko apustua jarri zuten abian.

Bukatzeko gaztaina-erreak izan zituzten txikiek, eta buzkantz mokadutxoa sagardoak lagun eginda helduek.

Aitajaun-amandreei eskainia

Pilotalekua dotore apainduta zegoen, giza balioen astean egindako lantxoekin apainduta, hain zuzen. Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak… izan dute gai aurten, eta ikasleen amama-aitaitak izan dira protagonista. Hala, amama eta aitaiten garaiko argazki, abesti, ipuin, olerki eta aho korapiloekin horma-irudi erraldoia egin zuten. "Burututako ekintzekin, eurengandik jasotzen dugun maitasuna eta jakituria aitortu eta eskertu nahi izan diegu", jakinarazi dute Kurtzebarriko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak