Pentsioen gainean jardun zuen EAJko Maite Peñak Basotxoko erretiratuekin

Mirari Altube Arrese 2012ko abenduaren 4a

EAJko Gipuzku Buru Batzarreko gizarte gaietako arduradun den Maite Peña izan zen astelehenean Basotxon. 80 bat erretiratu elkartu ziren bertan eta kotizaziopeko pentsioak, kotizazio gabekoak eta hauen osagarrien gainean jardun zuen.

Peñak, Errenteriako zinegotzi eta Batzar Nagusietako Gizarte politiketako bozeramaile bezala izandako esperientzia lagun, erantzun zituen erretiratuen galderak.

Gizarte laguntzen eta dependentzia legearen gainean ere jardun zuen. Hiru diru-laguntza mota azaldu zituen: diru sarrerak bermatzeko errenta (Jaurlaritza); diru sarrerak bermatzeko laguntza (Diputazioa); eta etxebizitza ordaintzeko laguntza osagarria (Jaurlaritza). Peñak esan zuenez, azken bi urteotan laguntza horien baldintzak gogortu egin ditu Jaurlaritzak.

Adineko gero eta gehiago

Dependentziaren legeak interes handia sortu zuen. Peñaren esanetan 65 urtetik gorako 127.000 lagun omen ditugu Gipuzkoan eta 2020rako 155.000 izango dira, "hala, guztiok laguntzak beharko ditugu denbora luzeagoz". EAJren eredua, "adinekoak ahalik eta denbora gehien euren etxean zaintzea dela" aipatu zuen, beharrezko laguntzak eskainita, "familiaren ingurua oso garrantzitsua delako adinekoentzat eta edozein dependentzia egoeran daudenentzat". Eta gaineratu zuen: "Ezin da krisiaren izenean gizarte laguntzarik murriztu".

Erakunde publiko eta pribatuen arteko harremanak ondo bideratzeko ere eskatu zuen: "Erakunde publikoek jakin beharra daukate boluntario elkarte pribatuek zer egiten duten eta beste hauek ere jakin beharra daukate erakunde publikoek zein laguntza ematen dituzten".

Bukatzeko zera argitu zien: "Beharrezkoa da egun ditugun gizarte azpiegitura eta laguntzei eusteko produkzio ekonomikoak gora egitea". Eta horretarako politikak egitea ezinbestekoa dela gaineratu: "Oso lotuta daude ekonomia politikak eta gizarte politikak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak