Udalak aginduta egin dute kale erabileraren neurketa hori eta datuok interpretatu dituen Soziolinguistika Klusterreko kideek aurkeztu zituzten martitzenean.
Neurketa egiteko erabilitako metodologia behaketa zuzena izan da; hau da, neurtzaileek kaleetan topatutako jendeak darabilen hizkuntza jaso zuten, ezer galdetu gabe. Bi ibilbide egin zituzten behaketa egiteko: bata, Bedarreta, Santa Kurtz, Errekabarren, Belorrieta, Loramendi eta Markole kaleak; eta bestea, Otalora, Durana, Mitarte eta Herriko plaza. Lau neurraldi egin zituzten, guztira 16 ordu: eguazten arratsaldean; zapatu, goiz eta arratsaldean; eta egubakoitz gauean. Eta emakumeak eta gizonak bereizi zituzten.
2.319 herritarren 786 elkarrizketa jaso zituzten. Eta horietatik %49 elkarrizketa euskaraz izan ziren; %48,9 gazteleraz; eta %2,2 beste hizkuntza batean.
Gazteen artean %36k
Aretxabaletan 1991z geroztik egiten da neurketa hori eta horrek tendentziak jakiteko bidea ematen du. Hala, azken 20 urteotan euskararen erabilera bost puntu igo dela ondorioztatu dute, %43,6tik %49ra.
Gizon eta emakumeen artean ez dago ezberdintasun handirik –emakumeen erabilera, %51,2 eta gizonen erabilera, %46,7–, baina adin tarteak behatuta alde handiak daudela ikusi dute. Hona lau multzotan banatuta erabilera datuak: umeak (2-14 urte), %70,8; gazteak (15-24), %36,2; helduak (25-64), %39,9; eta nagusiak 65 urtetik gora), %40,9. Hala, gazteak dira egun euskaraz gutxien egiten dutenak, eta neurketa egiten denetik jasotako emaitzarik baxuena da iazkoa.
Behatutako elkarrizketetan umeak dauden edo ez ere hartu dute kontuan. Umeen gehiengoak, bakarrik daudenean, euskara erabiltzen dute (%71,5); helduek umeekin daudenean ere bai (%66); baina helduak bakarrik erdira jaisten da erabilera (%33,2).