Iban Arantzabal: "Erronkak dira Goiena herritarrekin egitea eta hiperlokaltasuna"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko azaroaren 25a

Goienako zuzendari nagusi izendatu berriak Goienaren eta euskarazko hedabideen oraingo eta etorkizuneko erronken gainean dihardu

Iban Arantzabal (Elgeta, 1975) da urria ezkero Goienako zuzendari nagusia, Inazio Arregiren ordez. Era berean, oraingo eguaztenean hedabideen aurrean aurkeztu den Herri Ekimeneko Euskarazko Hedabideen Elkarteko (Hekimen) presidentea da. Goienaren eta euskarazko hedabideen orainaz, etorkizunaz eta erronkez egin dugu berba harekin.

Goienako sortzaileetako bat izan zinen, Elgetako Goibeko elkarteko buru zinela; telematikako ardurak izan dituzu Goienan, baita ikus-entzunezkoen atalarena, antolaketa zuzendari ere izan zara. Orain zuzendari nagusi…

Goienako sorreratik nago bai, proiektuak izena ere ez zuen egunetik. Oso gogoan ditut eta ilusioz gogoratzen ditut Bergarako kultura etxearen mahai borobilean egiten genituen bilerak. Txosten horiek urrea balira bezala gordetzen nituen, besteak beste, gure herriko aldizkariaren jarraipen naturala, jarraipen hobetua eta eraginkorragoaren printzak zeudelako idatzita txostenotan. Orduko lantaldean ikasi genuen mugimendu bakoitza adostasunez egiten eta han ikasitakoari jarraitu behar diogu orain. Adostasunean oinarritautako kudeaketa egiten saiatu naiz beti, eta ez dut aldatzeko asmorik. 

Izan ere, Goienak bertako langile bat promozionatu du enpresako buru izateko. Hori garrantzitsua da, ezta?

Buru izatearekin baino gehiago identifikatzen naiz bazkide izatearekin. Kooperatibista konbentzitua naiz. Goienan orain dela 12 urte genuena baino lan-talde sendoagoa dugu. Ikasi egin dugu eta aitortu behar dut Inazio Arregirengandik asko ikasi dugula. Hori konplementatu dugu kanpo ikasketekin eta horren garapen naturala izan da aldaketa. Bazkide pribilegiatu sentitzen naiz, bazkide mota guztiek aho batez onartu dutelako zuzendari nagusi izatea. Jaso ditudan zorionak eta animoak zenbaezinak dira eta esan diet eskertzen ditudala animoak, baina aholku beharra dudanean joko dudala beraien atea.

Mikel Irizar eta Inazio Arregi izan dira orain arte Goienako zuzendari nagusiak. Ardura handia duzu orain zure gain, haiek egindako lan onari jarraipena ematen, ezta?

Biak ezagutu ditut ondo. Bien estiloa gustatzen zait, nahiz eta oso estilo ezberdinetakoak diren. Espero dut bietatik jasotakoak balioko duela estilo propioa izateko. Hori bai, dagoeneko talde lanak garrantzi handia du Goienan, eta, hain justu, estiloa horrek markatuko du. 

Zein da, une honetan, zeure eta Goienaren erronka nagusia?

Zuzendari nagusi izendatzeaz bat sortutako erronka batekin erantzungo dizut. Michel Collonek zioen mendebaldeko kazetaritzaren helburua "neutraltasuna" mantentzea zela, baina hori iruzurra zela. Astean irakurri dut Txillarre baserriko Pello Rubiori Barren aldizkarian egindako elkarrizketa eta zioen "beti erdibidetik jotzen, bi aldeak elkarrengana gerturatzen-edo" saiatzen zela. Neutraltasuna gaitza edo iruzurra izan baliteke, erdibidetik jotzea helburua dugu Goienan. Gure helburua etekin soziala da; eta ez etekin politikoa. Eta lan talde osoaren egitekoa bideratuko dugu hedabideen esparrua euskaraz izan dadin.

Eta informazio orekatua eskaintzeaz gain? 

Teknologia berriak, berrikuntza, enpresaren egiteko soziala, eraginkortasuna, aurrean egotea... asko dira, baina aipatuko dut Bart Bijenens-i ikasitakoa: hiperlokaltasuna. Oker dabiltza gertutasuna txokokeriarekin nahasten dutenak, oker dabiltzen moduan euskalkiak txokokeria direla diotenak. Euskalkia eta estandarra dira beharrezkoak euskara biziko bada eta hedabideok biziko bagara beharrezkoak ditugu tokikoa eta gertukoa uztartzea. Guk ez dugu arazorik Aldundiko kontuez jarduteko, Legebiltzarreko hauteskundeez edo dorre bikiez. Guk lantzen dugun informazioak gertutasuna du oinarri, baina ez derrigor modu ertsian ulertutako tokikoa. Gure bezeroek ere horixe baloratzen dute gehien, bertakotutako informazioa edo gertukoa. 

Hiperlokaltasunarekin batera kazetari dinamizatzaileak izango dira hurrengo urratsa, ondo bidean. Hedabideak debagoiendarrekin batera egiteko baliabideak jartzea, informatzaile izan gura duenarendako gero eta leku gehiago uztea eta ez bakarrik zutabeak edo kartak idazteko, baita informazio orriak osatzeko ere. 

Ez da erraza kazetaritza...

Kazetaritzari eskatzen zaio kazetari izatea baino gehiago. Eskatzen zaigu ikastolakoago edo eskolakoago izatea, eskatzen zaigu bosgarren kontenedorea edo atez atekoaren aldeko aukera egitea, politikari honen menera edo bestearen besotik helduta joatea... Eta guk lagundu gura dugu eta lagun izan, baina profesionaltasunez jokatzeak eskatzen digu honekin edo harekin ez ezkontzea gure lan jardunean. Denok dugu gure idearioa, baina erredakzioko atea gurutzatzen dugun aldiro profesionalaren buzoa jantzita egiten da lan Goienan. Hori balio handia da kazetariarentzat, eta baita irakurle, ikusle eta entzuleendako. Bide zailena aukeratu dugu, Intereconomiako kazetariek badakite zer esan eta errazago egiten dute lan, sinesgarritasunaren kaltetan izan arren. Gure parrokia askotariko debagoiendarrek osatzen dute.

Hedabideen mundua etengabeko aldaketan murgilduta dago, bereziki, azken hamarkadan. Ondo moldatu da Goiena aldaketa horietara?

Goienan, gure lurraldeko beste hedabide batzuen aldean arkakuso edo eltxo garen arren, handien presio, kalamitate, ezintasun eta larritasun antzerakoak bizi ditugu. Hori bai, arkakuso izanagatik, ez pentsa kikilduta bizitzeko sortuak garenik euskaldunok. Gure txikian, baina gure komunitateari zerbitzu ona eman gura diogu, komunitateko parte izan, eta horretarako aldaketetara moldatzen jakin dugula esan genezake. Hori bai, sasoi hau ez da gora begira egoteko, aurreko tropelean joateko pedalak ematen jarraitu behar da. Egingo dugu.

Hedabide tradizionalak, bestalde, krisi gogorrean sartuta daude. Testuinguru horretan, zela murgiltzen da Goiena?

Krisia sumatu genuen unetik beretik egin ditugu etxeko lanak, eta horrek lagundu digu. Gerrikoa estutu dugu eta gure egitekoa denez, efzienteagoak gara orain. Azkeneko urteotan, %23 murriztu da udaletatik jasotzen duguna, esaterako, baina zerbitzua handitu eta hobetu dugu urte hauetan, digitalera salto telebistan, Interneten eta eskuko telefonoetan aurrean jarri, paperean astean bi aldiz publikatu... Eta hau dena euskara hutsean eta gertuko informazioa emanez. Gainera, Aldunditik eta Jaurlaritzatik bultzatzen duten eredua da Goienarena, 2012an nekez jardun daiteke herri hedabideekin... eskualdekora pasata asmatu genuen. 

Berria ere ziztada eske. Goiena?

Guk ere, Berria-ko lagunen antzera, erabaki dugu ez egitea cocorico eta ez quiquiriqui. Guk kukurruku kantatuaz egiten dugu lan eta hautu konzientea da Goienaren sorreratik bertatik, nahiz eta lehiatzeko muga batzuk ditugun. Gainera, hor daude gure jabeak, euskara elkarteak, gure jardun euskalduna ziurtatzeko. Euskal hedabideok apal gabiltza, eta, erleen moduan lan egin dugun arren, ziztadak ere eskatu beharrean aurkitzen gara.

Debagoieneko udalak ere ez daude egoera onenean. Zela eragin du horrek Goienan?

Badakit herriak aukeratu dituen politikariek gizarte laguntzetan-eta egingo dutela indarra, eta behar-beharrezkoa da gutxien dutenei lagundu eta krisiari aurre egiteko politikei preferentzia ematea, baina esperotzekoa da euskarari euro bakar bat ere gutxiago ez ematea. Beheranzko joera jasanezina izateraino heldu da, marra gorriraino. Madrilen edo Debagoienean egiten dugun hedabide estiloa ez da bera eta identitatea, euskaltzaletasuna edo komunitatea zaintzeko behar dugu udalen laguntza egonkorra.

Zenbateraino da garrantzitsua Goienarendako beronen komunitatea osatzen dutenak?

Komunitateko kideak dira gu bizitzeko arrazoia. Enpresa sozio-enpresarialeko misio eta balioak horretara bideratuak daude, komunitate horren beharrak asetzera: euskararen normalizazioa, parte hartzailea izatea, eskualdeko kohesioa, esparru ezberdinak euskararendako irabaztea...  Aurrera begirako jokabideek balio behar dute bazkide mota guztien asebetetasuna lortzeko, eraginkortasunean gora egiteko... eta hori guztia komunitatetik da posible. Unai Iturriagaren hitzek zioten moduan: "Gure baitan betiko premia bat dabil: komunika komunikatzea, komunika komunitatea".

Zela irudikatzen duzu hemendik urte batzuetako Goiena?

Ahots propioarekin eta debagoiendarrengandik sekula baino gertuago. Grinn anaien Edurnezuri edo Txanogorritxu interesatzen zaizkit, baina Walt Disneyren filtrorik gabe. Guk debagoiendarrek diotena izaten jarraitu behar dugu, gure errealitateari muzin egin barik. Horretarako, Alberto Barandiaranen liburu baten irakurri nion Lorea Agirreri "gure arma ez da armada, gure arma kultura, euskara eta hedabidegintza dira, eta gure etorkizuna hizkuntzari lotuta dago". Gustatu zitzaidan.

Gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da Interneteko atala Goienan?

Bai, eta zentzurik zabalenean ulertuta. Gure enpresa kazetari multimediaz osatuta dago eta horren ardatza Internet da. Ez Goiena.net bakarrik, baita sare sozialak, esaterako. Bestetik, eta joera Interneten goranzkoa eta balaztarik gabekoa bada ere, papera oso maitatua da Debagoienean eta animatzen ditut irakurleak Goienako klubeko bazkide egin eta abantaila askoren artean asteleheneko Goiena papera etxeko buzoian jaso dezaten. 

Goienako hedabideak osasuntsu daudela erakusten dute beren irakurleek eta ikus-entzuleek ematen dieten sostenguak?

Bai, dugun jarraipen zabalarekin oso pozik gaude. Erantzukizuna dugu arlo sozialean eta transformazio sozialean sinisten dugu eta egindakoa babestua dagoela sentitzen dugu audientzia neurketak egiten dugun aldiro. Audientziok lortzeko oso garrantzitsua izan da enpresa hau autoeratua izatea eta pertsonak jartzea enpresaren oinarrian.

Goienaren gaineko azterketa egin du aurten Aztiker enpresak. Zeintzuk izan dira ondorio nagusiak?

Ondorio birekin geratzen gara: batetik, hamar lagunetik zazpik dio Goienako hedabideak pluralak direla; hau da, ez direla hara edo hona lerrokatzen; bestea, Goiena eta bere hedabideak beharrezko edo oso beharrezko dira hamar debagoiendarretik bederatzirendako.

Euskarazko hedabide lokalen elkartea indartu egin da berriki. Sektorea ari da mugitzen eta Hekimen sortu da…    

Tokimomeko parte aktibo da Goiena eta sinistuta nago elkarte berriak lagunduko duela hedabideak dauden lekuetan sendotzen eta ez daudenetan berriak sortzen. Mugimendua sektorean ere bada eta adibide berriena da Hekimen. Batu gara euskara hutsez funtzionatzen dugun herri ekimeneko hedabide ez publikoak. Asko dugu konpartitzeko, elkarrengandik ikasteko... eta erakundeetatik askotan eskatu zaigun hori bete dugu: solaskidetza bat badute lurralde edo nazio mailako erakundeek, estatutu batzuekin, zuzendaritza batzordearekin etab. Orain lanerako denborak datoz, elkar ulertzekoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak