Xake eskolak abian dira Aitor Alcaideren eskutik

Mirari Altube Arrese 2012ko azaroaren 24a

Arlutz-Arrasate taldeko kide den Aitor Alcaide aretxabaletarrak xake eskolak jarri ditu abian. Eguenetan elkartzen da (18:30-20:00) Iralabarri plazan duten txokoan 10 bat lagunekin. Ume eta heldu, guztiek dituzte zabalik ateak xake eskolan.

"Kirol hau ezagutzera ematea aretxabaletarren artean eta xakean jokatuta ondo pasatzea da helburua, beste barik", dio Alcaidek, hortaz, aretxabaletarrek zabalik dituzte ateak.

Orain dela lau bat urte hasi zen eskolak ematen Alcaide; eta atsedenalditxo bat hartu ondoren berriro itzuli da. Zortzi urte inguruko neska-mutikoak dira gazteenak eskolan eta helduak ere badaude: "Zortzi bat mutiko etortzen dira oraingoz, eta hiru heldu ere elkartzen gara xakean jokatzeko".

Xake taldeak Iralabarri plazan duen txokoa ez da handia eta ez dute askorendako lekurik baina interesa duen edonork topatuko ditu ateak zabalik eguenetan.

Lehen mailako jokalaria

Aitor Alcaide Arlutz-Arrasate xake taldeko kidea da Andoni eta Fran Miguel anaia aretxabaletarrekin eta Asier Etxagibel arrasatearrarekin batera. Euskal Ligako lehenengo mailan, hau da, B mailan jokatzen du taldeak –Aretxabaletako egoitzan–, eta denboraldia urtarril inguruan hasiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak