Tratu txarrak, normalean, helduekin lotzen ditugu; aldiz, zuek gazteengan ipintzen duzue arreta; zer dela eta?
Oso garrantzitsua da prebentzioa. Hezkidetzan dago gakoa, txikitatik neskak zein mutilak berdintasunean hezi behar dira, eta hori denon eskuetan dago. Izan ere, gertatzen den indarkeria hori ezberdintasun sozial guztien isla da. Prebentzio hori harremanak izaten hasten diren momentuan ezinbestekoa da. Normalean, gazteen artean gertatzen den indarkeria psikologikoa izaten da: kontrola, manipulazioa, irainak, deskalifikazioak, xantaiak... Saiatzen gara gazteek antzeman dezaten indarkeria modu askotan gertatzen dela; ez dela bakarrik indarkeria fisikoa. Hori da, akaso, kalean gehien antzematen dena; baina indarkeria psikologikoa hor dago eta askotan ondorioak gogorragoak dira, eta gazteen harremanei garrantzi bera eman behar zaie. Urteotan tratu txarrekin lotutako datuak izugarri handitu dira, eta, zoritxarrez, zerbait egin behar da.
Diagnostikoa da gazteak oraindik ez direla berdintasunean bizi?
Ez gaur egungoak, ezta lehengoak ere. Egia da berdintasuna arlo askotan lortu egin dela, baina asko dago egiteko. Esan dezakegu emakumeen kontrako indarkeria modu askotan gertatzen dela, eta hori azaleratzea ezinbestekoa da; ikusten ez denak ez du esan nahi existitzen ez denik.
Zein da gazteen artean antzematen duzuen arriskurik handiena?
Azpimarragarriena bikotekidearekiko kontrola litzateke: uneoro kontrolatzea non eta norekin dagoen, nola jantzi behar den, lagunekin ateratzen ez uztea… Eta teknologia berrien ondorioz, kontrola nabarmen areagotu da (sakelakoak, sare sozialak, WhatsAppa). Gainera, zeloak maitasunaren seinale bezala ikusten jarraitzen dute gazteek, maitasun erromantiko idealaren ideia oraindik bizi-bizirik dago; telebistan, pelikuletan, musikan, e.a.
Egoera orokorra da ala adin zehatzen batekin lotzen da?
Ez dago adin konkreturik. Harremanak hasteaz bat konturatzen hasten dira. Gazteek eurek ere tratu txarrak helduekin lotzen dituzte, indarkeria fisikoarekin lotzen dituztelako. Hortaz, eurei ere asko kostatzen zaie konturatzea. Hala, txip hori aldatu, eta konturatzen dira gazteek ere sufritzen dutela, eta, adibidez, ez dela atzerritarren kontua, edo maila sozioekonomiko baxukoen kontua… Eta konturatzen hasten dira inguruan ere bizi dutela egoera hori. Hori da garrantzitsua: prebentzioa eraginkorra izateko, lehenengo konturatu egin behar dute badagoela tratu txarra. Hori da lehen pausoa: indarkeria antzematea, izena jartzea eta aurre egiteko esku-hartzea sortzea.
Mutilek indarkeria psikologikoa aplikatu egiten dute eta neskek onartu egiten dute; konturatu barik?
Bai eta ez. Askotan, inkontzienteki jokatzen dute, hori ikusi eta ikasi dutelako, eta, beraz, ez dute uste zerbait txarra egiten dabiltzanik. Baina beste batzuetan, badakite zein den jokaera horien ondorioa, eta helburu horrekin egiten dute gainera, hau da, bikotekidea menpeko izatea. Bestalde, neskentzat garrantzitsuena harreman hori mantentzea da, kosta ahala kosta, eta ondorioz tratu txar horiek onartzera eta barkatzera iristen dira.