Hondakinen kudeaketa sistemaren gaineko ideiak botatzeko aukera eman gura die Udalak herritarrei

Mirari Altube Arrese 2012ko azaroaren 20a

Ideien zaparrada deitu du Udalak eta hiri hondakinen kudeaketa sistema posibleak aurkezteko aukera eman herritarrei. Asmoa da norbanako, talde, elkarte zein enpresen ezagutza eta kreatibitatea piztu eta "hondakinen gaikako bilketan egun dauden aukerek dauzkaten gabeziak gaindituta sistema berritzaile, eraginkor eta posibleen ideiak azaleratzea".

Ana Bolinaga alkateak eta Lore Martinez Ingurumen zinegotziak aurkeztu zuten atzo, astelehena, ideien zaparrada. Gogorarazi zuten Aretxabaletako udalbatzak ekainaren 11n egindako osoko bilkuran onartu zuela %80tik gorako birziklatze tasak lortzeko helburua, eta era berean, helburu hori bermatzen duen hondakinen bilketa sistema baten aldeko konpromisoa.

Alkateak gaineratu zuen: "Osoko bilkuran erabaki zen ahalik eta hondakin gutxien sortzeko azterketa abiatuko zela mankomunitatearekin, herritar, elkarte eta eragile ezberdinekin batera; eta adostuko zuela herritarrekin zein den hondakinak kudeatzen duen sistema egokiena".

Ideiek bermatu beharrekoa

Proposatutako proiektuek honakoa bermatu beharko dutela jakinarazi dute:

  1. Hondakinen bilketa gaika egiten dela
  2. Derrigorrez biztanleriaren %100ak parte hartuko duela
  3. Bilketa pertsonalizatua dela, jarraipena izan dezan
  4. Gutxienez %80ko birziklatze-tasak lortzen dituela

Aurkezteko azken eguna abenduaren 20a

Proposamenak aurkezteko 30 eguneko epea dago, hau da, abenduaren 20a bitartean. Idatziz aurkeztu beharko dira udaletxean bertan edo honako helbidera bidalita: udala@aretxabaleta.net.

Ideiekin batera honakoak azaldu beharko dituzte:

  • Proposatzailearen datuak: izen-abizenak, NAN, helbidea eta kontakturako modua.
  • Proposatutako proiektuaren deskribapena (ahalik eta zehatzena).
  • Partaidetzarako ezarritako bermeak betetzen dituela ziurtatzea.

Proposamenak Debagoieneko Mankomunitatera bideratuko dituzte horien bideragarritasuna azter dezaten teknikariek. Egun dauden bilketa ereduekin alderatuko dituzte eta ondorioekin txosten bat osatu. Txosten horretan sistemarik egokiena aukeratuko dutela jakinarazi dute, "beti ere eraginkortasun irizpideetan oinarrituta (emaitzak, alderdi teknikoa eta ekonomikoa)".

Ondoren, jasotako proposamen horiek Arkupen jarriko dituzte herritarrek ikusi eta baloratzeko. Udalaren webgunean ere egongo dira ikusteko moduan mankomunitateko teknikariek egindako txostenarekin batera –www.aretxabaleta.com–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak