Zehazki zein ordutan agertu zen esaten ez dakite aretxabaletarrek, baina bai behin bizilagun batek ikusi zuenetik hasita, 10:00ak inguruan, herritar mordoa gerturatu zela gertaera tokira, meza irteeran gehienbat. Ikusitakoa sinistu ezinik, asko eta asko izan ziren mugikorrarekin nahiz argazki kamerarekin irudi hori jaso zutenak; euria ez zen oztopo izan une batez telefono kabina aurrean geratu eta goiko aldean zegoen basurdeari begiratu bat emateko.
Autoren batek harrapatu izanaren itxura
Basurdea toki hartara nola heldu zen argitzeke dago eta bien bitartean hipotesi ezberdinak dabiltza Aretxabaletan, handik eta hemendik. Itxura guztien arabera, baina, autoarekin harrapatu zuten basurdea eta ostean toki hartara igo. Susmo hori hartzen dio, bederen, Oñatiko Luis Ugarte basozainak.
Ertzaintzak gertaeraren berri emateko deitu zionean, ezin zuen sinistu entzuten zebilena, baina 12:20 inguruan Aretxabaletara iritsi zuenean, baietz, hala zela egiaztatu ahal izan zuen. Begiratu bat eman eta gero, tiroz hil ez zutela baieztatu eta autoren batek harrapatu izanaren itxura zuela azaldu zuen. 14:00etarako Aloña ingurura eraman zuten, Orkatzategi inguruko putreentzat.