'Argazkizkiak' helduendako literatura lehiaketa deitu du Loramendik

Mirari Altube Arrese 2012ko azaroaren 15a

Helduen I. literatura lehiaketa deitu du Loramendi elkarte barruan sortutako Kultura lan taldeak. Argazki bat eta hari egokitutako testua aurkeztu beharko dituzte parte-hartzaileek. Testu hori edozein generotan idatzita egon daiteke: poesia, bertsoak, ipuina… Aurkezteko azken eguna abenduaren 11 da.

Argazkiak eta literatura gustuko duten guztiendako lehiaketa dela argitu dute antolatzaileek, eta aretxabaletar guztiak animatu gura dituzte.

Argazki bat aurkeztu behar da  (30x20 zentimetrokoa) eta horri egokitzen zaion testua (Din A-4an). Edozein generotan idatzita egon daiteke testu hori: poesia, bertsoa, ipuina… Eta gaia norberak aukeratuko du. "Gure ustez, argazkiak erraztasuna eman dezake zerbait idazteko orduan", diote Kultura taldeko kideek. Testu horren luzerari dagokionez ez dute mugarik ezarri, lehiaketak "malgua" izan gura duelako.

Lanak Loramendira bideratuko dira abenduaren 11rako kartazal batean sartuta; lan horren izenburua eta egilearen gaitzizena jarriko dira hor. Barruan, beste kartazal batean, egilearen datuak egongo dira: izen-abizenak, telefonoa eta e-posta.

Hiru sari onenendako

Sari banaketa abenduaren 20an egingo dute, eta hiru sari banatuko dituzte: 100 euroko txartela; 60 euroko txartela eta 40 euroko txartela. Hiru txartelak Elkar liburu dendan erabiltzeko izango dira. Epaimahaia Loramendiko Kultura lan taldeko kideek osatuko dute, eta onartu dute ez dutela lan samurra izango: "Gure helburua lanak osotasunean baloratzea da, hau da, testua eta argazkia banan ikusi beharrean, bien artean sortzen duten lan bakarra ikustea. Motzean esanda, testuak argazkia aberastu beharko du edo alderantziz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak