Euskadiko Txapelketa gazi-gozoa UDAko karate jokalariendako

Mirari Altube Arrese 2012ko azaroaren 12a

Aste bukaeran Gasteizen jokatu duten Euskadiko karate txapelketan izan dira Ekaitz Irusta eta Odei eta Oxel Vazquez anaiak. Norgehiagoka biziak jokatu dituzte eta lehenengo biak dominarekin itzuli dira; hirugarrena, lehenengo saioan kanporatu zuten epaileek.

Odilo Vazquez entrenatzaileak jakinarazi du txapelketa gazi-gozoa izan dela aretxabaletarrendako.

Ekaitz Irusta bigarrena izan zen gazteen mailan –76 kiloz gorakoak– hiru saio jokatu ostean. Finalean ez zuen ezer egiterik izan; izan ere, aurkari izan zuen Donostiako Bera Bera elkarteko karate jokalaria txakur zaharra zen eta estatu mailako txapelketatan sarri jardun izan du. Hala ere, kikildu gabe egin zion aurre Irustak.

Odei Vazquezek hirugarren postua eskuratu zuen kumite modalitatean 21 urtez azpiko mailan –68 kiloz azpikoetan–. Entrenatzailearen esanetan hirugarren geratu arren sentsazioak ez ziren onak izan: "Lehenengo postuan geratu zenaren aurka jokatu behar izan zuen lehenengo borroka, eta horrek baldintzatu zuen".

Oxel Vazquez, ostera, lehenengo saioan kanporatu zuten epaileek aurkariaren aurpegia gehiegi ukitzeagatik. "Uste dut epaileak zorrotzegiak izan zirela erabaki hori hartzean", dio entrenatzaileak. Hala ere, Oxelek bi aste daramatza minekin eta jokatuta ere ezingo zuen guztia eman.

Estatuko txapelketa hurrengo erronka

"Zorionak hirurei, batez ere Ekaitz Irustari lan bikaina egin zuelako eta sentsazio onak helarazi zizkigulako" dio Odilo Vazquez entrenatzaileak, eta hurrengo erronken berri eman du: "Euskadiko selekzioaren entrenamendu saioetara joatea da gure erronka, eta guk uste hala izango dela. Eta gero estatuko txapelketan parte-hartzea; zaila izango da baina ez ezinezkoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak