Udalaren egoera ekonomikoa larria dela onartu du eta gaineratu: "Muga izan arren, ez da inolako traba herritarrei informaziorako, elkarlanerako eta ekarpenetarako espazioak zabaltzeko". Eta Bagarak horrekin bat egin du: "Gure helburua ez da 2013ko aurrekontuen azkeneko zenbakia zehaztea, Aretxabaleta elkarlanean marrazteko espazioak zabaltzea baizik".
Herri proiektua egitea
Aretxabaletako aurrekontuen lan dinamika zehaztu du Bagarak, hainbat asmorekin: Udalgintza eta herrigintza norabide berdinean jarri; parte-hartzearen kultura sustatu; eta herri proiektua aretxabaletar guztien artean garatu.
Hala, Udala herritarrengana gerturatzeko prozesua izango da, Udalaren egoera gizarteratzea helburu duena eta herritarren ekarpenak jasoko dituena. Era berean, "Udal politika egiteko beste modu batzuk lantzeko" lehenengo pausoa izango da.
Prozesu horrek hiru saio ditu: lehenengoan, aurkeztu egingo dute eta Udalaren funtzionamenduaren eta egoeraren gaineko argibideak eman; bigarrenean, arloka banatutako taldeak osatu eta ekarpenak jasoko dituzte; eta hirugarrenean, ekintzen plana eta ondorioen dokumentua aurkeztu.
Hona lan saioak (Arkupen):
- Azaroak 15, eguena (18:30)
Kokapena: Udalaren funtzionamendua, egoera ekonomikoa…
- Azaroak 24, zapatua (10:30)
Arlokako ekarpenak: arlo bakoitzeko mahaiak osatu eta ekarpen dinamika.
- Abenduak 13, eguena (18:30)
Ondorioen aurkezpena: ekintza plana eta ondorioak.
Herritarren parte-hartzea behar beharrezkoa dela berretsi du alkateak, eta zehaztu: "Herri proiektua egitera etor daitezela herritarrak, aretxabaletar pentsaerarekin, eta ez norberaren nahiak asetzeko asmoarekin". Udalaren asmoa da abendu bukaeran edo gehienez urtarril hasieran onartzea 2013ko Udal aurrekontua.