Fruitu emankorrak eskuratzen dabil Arteman Komunikazio agentzia egiten dituzten bideoklipei esker. Sari batekin hasi ziren albiste pozgarriak iristen Artemanera, nazioartetik, gainera. "Belgikan urtero Metal Female Voices Fest (MVFM) emakume ahotsa oinarri duten nazioarteko metal taldeen jaialdi ospetsua antolatzen dute. Aurten, jaialdiaren 10. edizioan, beste batzuen artean, Iruñeko Diabulus In Musica (DIM) taldeak parte hartu du. Eta Arteman Komunikazioak taldearentzat egindako Sceneries of hope kantuaren bideoklipak MVFM jaialdiaren bideoklip onenaren saria jaso zuen", jakinarazi du Iker Barandiaranek, Arteman kooperatibako kazetariak.
143.000 bisitari baino gehiago
"Hori urriaren amaiera aldera izan zen. Bada orain dagoeneko Youtuben 143.000 bisitari baino gehiagok ikusi du guk egindako bideoklipa. Hori astakeria hutsa da!", gaineratu du.
Eta orain, esandako moduan, DIMen bideokliparen oihartzunari esker beste enkargu batean buru-belarri dihardu Artemanek: Eibarko Su ta Gar musika taldearen Zain zure zain kantua irudiz janzten: "Azpeitiko tren museoan gabiltza. Extra askorekin eta aktore ezagun batzuekin. Adibidez, Leyre Berrocal (Camera Obscura, Extasis… filmak) aktorearekin. Film labur eta bideokliparen arteko nahasketa izango da, eta Gerra Zibilaren aurreko sasoian girotuta dago. Besteak beste, tren baten barruan egin ditugu grabazioak. Azaro-abendurako bukatuko dugu", zehaztu du Barandiaranek.
Bada hori egiten diharduten bitartean, Arteman Komunikazioak egindako beste lan batek oraingo domekan ikusiko du argia. Hain justu, kooperatiben gaineko bideoklipa egin eta grabatu dute, kooperatiben nazioarteko urtea dela-eta. Eta kasu horretan ere debagoiendarrak izan dira lanaren egile eta ekoizle: Jon Sarasua aretxabaletarra izan da bideokliparen zuzendari artistikoa eta kantuaren egilea; Oier Sarasua eta Aitor Ziardegi aretxabaletarrak, berriz, izan dira musika-egileak; Oñatiko Ganbara Abesbatzako 15 lagunek jardun dute ahotsa jartzen; eta esandako moduan, Arteman Komunikazio kooperatiba aretxabaletarra arduratu du lana koordinatu eta zuzentzeaz, eta grabazioa eta post-produkzioa egiteaz.
15 hizkuntzatan
Horren guztiaren emaitza, duda barik, oso deigarria izango da, besteak beste, 15 hizkuntzatan egindako kantua landu dutelako bideokliperako. Katarain estudioetan (Azkarate-Nafarroa) grabatu zuten. Konfekoop erakundeak eskatutako lana izan da hau. Helburua da "mundu guztira hedatzea kooperatibismoa balizko eredu gisa, kooperatibismoak mundu hobea eraikitzen laguntzen duela".
Oraingo domekan, azaroaren 11n Durangon ikusi ahal izango da emaitza, Kooperatiben jaian. Landako gunean.