Denboraldiko asmoen berri eman du Aretxabaleta kirol elkarteak

Mirari Altube Arrese 2012ko aza. 5a, 11:48

2012-2013 denboraldirako dituen asmoen berri eman du Aretxabaleta kirol elkarteak egunotan. Horien artean dago gaur, azaroak 5, Arkupen zabalduko duten elkartearen gaineko erakusketa: UDA historian zehar. UDAko sail guztietako kontuak jaso dituzte, tartean garaikurrak, kamisetak eta dokumentuak. Eta elkarteko argazkien emanaldia Belar Meta dendako erakusleihoan egongo da.

Kirol elkarteko presidente Juan Mari Enekotegik, ostera, futbolean dituzten asmoen berri eman du. 2010-2014 plan estrategikoaren arabera dabiltzala lanean jakinarazi du, eta joan den denboraldian egindakoak gogorarazi: Eskua proiektua; elkarteko kide bat Gipuzkoako federazioan; "esker on" proiektua abian; Leixargarateko aterpetxea konpondu; elkartearen estatutuak moldatu beste kirol batzuei zabaltzeko; eta kirol eta tekniko alorreko egitura aldatu.

Plan estrategikoan epe ertain eta luzeko proiektuak dituzte jasota eta aurreko denboraldian abian jarritako hainbat oraingoan bukatuko dituzte, horien artean: elkarte eredua definitu (Aloña eredu hartuta); eredu juridikoa eta soziala eguneratu; herriko kirol guztia bateratuko duen elkartea izateko Udalarekin lan egin; eta zuzendaritza batzorde eredua aldatu. Horren harira zera argitu du Enekotegik: "Batzordeko kideen %30 emakumeak dira; 30 urtez azpikoak beste %30; eta %50ek ez du seme-alabarik UDAn. Gazteak sartu ditugu elkartearen gidaritzan lekukoa hartu eta jarraipena emateko".

Publizitatea %80 jaitsi

Elkartearen egoera ekonomikoa ez dela txarra jakinarazi du eta helburu nagusia dela ondoren datorren zuzendaritzari "inolako zorrik" ez ustea. UDAren ekonomia arloak lau zutabe ditu: bazkideak eta gurasoak; ekitaldiak, loteria, taberna…; diru-laguntzak; eta publizitatea. Azken hori %80 murriztu da: "Eskerrak eman gura diegu babesle guztiei eta esfortzua hori egiten jarrai dezatela eskatu". Jaitsiera hori osatzeko ekitaldi gehiago egingo dituzte.

Saskibaloi eskola 

Saskibaloi eskola abian jartzeko asmoa du UDAk. 8 eta 11 urte bitarteko neska-mutilendako izango da eta datorren denboraldian hasiko dituzte eskolak (2013-2014). Arrasateko Ointxe eta Eskoriatzako saskibaloi elkartearekin elkarlanean jardungo dute horretarako.

Bestalde, denboraldia hasi berri duen futbol eskolan neskak gura ditu UDAk, emakumeen futbolaren oinarriak jartzen hasteko. Hortaz, animatzeko deia egin diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak