Erabaki horren arrazoia kudeaketa ereduan dagoela jakinarazi du Zigor Quintanilla Kultura zinegotziak: "Arrazoi nagusiena defendatzen dugun kudeaketa motan oinarritzen da, hau da, kudeaketa zuzena eta publikoa egitea". Eta esan du kudeaketa publikoak onura ekonomikoa dakarrela: "Amalurren bidez –azpikontratazioaren bidez– 400.000 euroko kostua du; kudeaketa geure gain hartzen dugunean, ostera, 250.000 eurokoa; hortaz, 150.000 euro aurreztuko ditugu". Horregatik uste du "gai izan behar dela" udaleko eta herriko baliabide pertsonal eta materialekin kudeaketa horri aurre egiteko.
Eta gaineratu du: "Aldaketa nagusiena herriari protagonismo handiagoa ematea da: herritarrak animatu gura ditugu gure eskaintzan parte aktibo izan daitezen eta elkarte eta talde ezberdinen arteko elkarlana sustatu".
Astelehenetik langile berriak
Arkupek dituen pertsonal beharrak aztertu dituzte azken asteotan, "zerbitzuaren kalitatea baztertu gabe eta Udalaren egoera ekonomikoa kontuan izanik". Hala, erabaki dute argazki artxiboko lanpostua kendu eta zerbitzua "beste modu batera" mantentzea. Horren harira adierazi du gaizki ulertuak egon direla: "Udalak eskertuko luke prentsan iritziak eman baino lehen Udal arduradunekin hitz egitea, informazioa kontrastatzea eta ondoren iritzia ematea". Hala, zerbitzuarekin jarraitzeko asmoa dutela jakinarazi du, eta argazki taldearekin batera nola antolatu zerbitzu hori zehaztuko dutela. Eta argitu du lanpostua kentzearen erabakia ez zela izan alkatearena, aho batez hartu zutela zinegotzi guztiek.
Liburutegian, Joseba Lopez de Armentia funtzionarioarekin batera beste bi lagun egongo dira egun erdiz; eta harreran hiru lagun, bat lan jardun osoarekin eta bi egun erdiz. Langile horiek hartzeko probak egunotan egin dituzte, eta astelehenean dagoeneko lanean egongo dira.
Eskaintzan murrizketarik ez
Aldaketok ez dutela ekarriko murrizketarik eskaintzan esan du Quintanillak. Hala, azaroko egitaraua gertatu dute azken asteotan, eta ekitaldiz beteta aurkeztu: UDAren historiaren gaineko erakusketa; zinema; eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunaren bueltan antolatutako hitzaldi bi. Egitarau hori ez dute banatuko etxerik etxe datozen bi hilabeteotan, baina webgunean dago ikusgai: www.arkupe.eu.