Lankidetza hitzarmena sinatu dute Eskoriatzako eta Aretxabaletako udalek

Mirari Altube Arrese 2012ko urriaren 29a

Gaur, hilak 29, sinatu dute lankidetza hitzarmena Eskoriatzako alkate Beñat Hercek eta Aretxabaletako alkate Ana Bolinagak. Bi herrien arteko lankidetza bermatzea eta etorkizuneko aliantzak formalizatzea da asmoa.

Hitzarmena lehenengoz egin dute, baina bi herrien arteko lankidetza ez dela berria argitu dute bi alkateek: "Modu ofiziala eman gura izan diogu, baina lankidetza historikoa da; bi herrietako auzokideak, erakundeak, herritarrak… betidanik jardun izan dute elkarlanean".

Krisi garaian, gainera, indarrak batzea ezinbestekoa dela azaldu dute: "Batetik gure herrietan dauden eta etorkizunean agertuko diren arazoei aurre egiteko eta bestetik, dauzkagun eta izango ditugun beharrei ahalik eta era eraginkorrean erantzuteko". Hala, baliabideak eta esperientziak konpartitzea da asmoa, eta era berean, gastuak murriztea.

Hiru urterako

Hitzarmenarekin honako konpromisoak hartu dituzte bi Udalek: orain arteko elkarlana sendotu eta bideratzea; eta esperientziak eta baliabideak konpartitzea.

Hiru urterako izango da 2015a artean eta izaera zabala izango du, beste herri batzuekin lankidetza sustatu eta bermatzeko, Gatzagarekin esaterako.

"Elkartasuna du oinarri hitzarmenak, horregatik diru kopurutan ezingo da zehaztu zenbat jarriko duen bakoitzak" argitu dute. Dagoeneko egon da pertsonal eta material trukaketa, eta sinatzerakoan jakinarazi zuten Aretxabaletak Zainduz gimnasioan dituen makinak utziko dizkiola Eskoriatzari, eta Eskola Agenda 21erako Eskoriatzak dituen baliabideak emango dizkiola trukean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak