Gastronomia eta folklorea arkupetan babestu dira Aretxabaletan

Goiatz Arana Begiristain 2012ko urriaren 28a

XVI. Gastronomia eta Folklore jaia egiten ari dira gaur, domeka, Aretxabaletan, baina eguraldiak ez du lagundu eta, ondorioz, ohi baino distira gutxiago egin du aurtengoak. Bateko eta besteko jan-edanik eta musikarik ez da falta izan, ordea, eta bertaratutakoak ahalegindu dira, aterpetik izan bada ere, eguraldiari aurpegi ona ipintzen.

Galiziako eta Gaztela-Leongo musikariek kalejira egin ohi dute herriko kaleetan zehar, baina gaur ez da posible izan; arkupetan apur bat jo eta justu-justuan plazan dantza eginda konformatu behar izan dira. Eta aterpean egin dute saioa Kalagorriko Voces Riberas taldekoek ere; lehen aldiz etorri dira Aretxabaletako jaira eta gogotsu jardun dute, arima, bihotza eta bizitza alaitzeko jotak kantatzera doazela esanez eta jendearen parte-hartzea bilatuz; humorerik ez zaie falta izan. 

Askotariko mokadu eta tragoak

Bien bitartean, Galiziako olagarroa eta lakoia, eta albariñoa eta ribeiroa dastatu ahal izan dituzte aretxabaletarrek eta inguruko herrietatik etorritakoek, baita Arrasateko Corazon de Encina elkartekoek prestatutako txitxi-burruntziak ere. Usain ona zerien denek ere.

Eta horiekin batera, beste hainbat jan-edan dastatu eta erosi ahal izan dira Herriko plazaren bueltan: Arabako trufak; Palentziako eztia; Leongo txorizoa eta urdaiazpikoa; euskal pastela; Errioxako ardoa, gozoak eta hestebeteak; Frantziako ardoa; edota Iparraldeko ahate-gibela berregina.

Salmentak

Tokian tokiko jantziekin ikusi ditugu saltzaileetako hainbat eta, salmentei dagokienean, "ondo" zihoala kontatu digute batzuk, eta eguerdian goizean saldu ez dutena saltzeko itxaropena zutela azaldu digute beste batzuk: "Jende askok etxerako bidea hartzera doanean aprobetxatzen du zer edo zer erosteko eta horren zain gaude", esan digu saltzaile errioxar batek.

Patxaran lehiaketa

XVIII. Etxeko Patxaran Lehiaketa ere antolatu dute gaurko egunaren barruan: goizean patxaranak batu dituzte eta arratsaldean ospatuko da lehiaketa bera. 14:00ak arte zegoen botilak eramateko aukera, eta 13:40rako 27 zituzten. Aretxabaletatik, Arrasatetik, Eibartik… eraman dituzte eta baita urrunagotik ere: Jakatik adibidez, lehenengo aldiz. Ikusi egin behar zein den guztien artetik hoberena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak