Gaztela Leon, Extremadura, Galizia, Errioxa eta Euskal Herria ordezkatuko dituzten taldeak elkartuko dira gurean, eta bakoitzak jateko eta edateko goxoenak eskaini: olagarroa; txitxi-burruntziak; hestebeteak; erroskillak… Eta Aretxabaletako Aratz taldeko kideek ere eskainiko dute mokadutxoa.
Ekitaldiei dagokienez Calahorratik (Errioxa) etorritako Voces Riberas taldeak jota doinuak eskainiko dituzte. Donostiatik datozen Galizia etxeko kideek, ostera, dantza erakustaldia egingo dute. Eta Laudion egoitza duen Gaztela Leongo San Fernando taldekoek ere dantza saioa egingo dute.
Patxaran lehiaketa
Patxaran lehiaketa ere izango da domekan, Zaraia mendizale taldeak eta Udalak antolatuta. Plazan jarriko duten gunera eroan beharko dituzte egileek patxaranak (11:00-14:00). Gehienez bi botila aurkeztu ahal izango dituzte, eta patxaran horiek norberak egindakoak izango dira. Kristalezko edo beira gardeneko botilan aurkeztuko dira eta botilen originaltasuna kontuan hartuko dute.

Hainbat herritarrek eta adituk osatuko duten epaimahaiak arratsaldean jakinaraziko du irabazleen berri, plazako gunean. Lehenengo hirurek garaikurra eta diru saria jasoko dute.
Behin sariak banatuta saritutako hiru patxaranak enkantean jarriko dituzte (hirurak batera) eta eskaintza altuena egiten duenarendako izango dira. Gainerakoak herritarrek probatzeko utziko dituzte.